1936an Hernanin fusilatutakoak oroitzeko ekitaldi berezia, hilerrian

Julen Borreguero Fernandorena

Udal taldeetako ordezkariak ekitaldiaren aurkezpenean, Argi hormaren alboan.

90garren urteurrena da aurten. Gerra Zibil garaian desagertutako hernaniarrak ere oroituko dituzte, urriaren 18an izango den ekitaldian.

 

Lau urtean behin egin ohi den bezala, urriaren 18an izango da 1936ko udazkenean Hernanin fusilatutako pertsonak eta Gerra Zibilean desagerrarazitako hernaniarrak oroitzeko ekitaldia, Hernaniko hilerrian. Atzo aurkeztu zuten ekitaldia, hilerrian bertan; han izan ziren Xabier Lertxundi alkatea, eta EH Bilduko, EAJko zein Elkarrekin Podemoseko udal taldeetako ordezkariak: Itsaso Lekuona, Mikel Gurutzeaga eta Lourdes Lopez, hurrenez hurren.

Aurten, gainera, are bereziagoa izango da ekitaldia, 36ko altxamenduaren 90garren urteurrena baita. Horregatik, hilerriko ohiko oroimen ekitaldiaz gain, '90 urte: Ahanzturatik memoriara' zikloa antolatu du Udalak: Hernaniko haur erbesteratuei buruzko erakusketa, eta haur erbesteratuei, internazionalistei eta Bigarren Errepublika garaiari buruzko hitzaldiak. Hilerriko ekitaldia izango da, hain juxtu, zikloari amaiera borobila emango diona.

Alkateak aurkezpenean adi­­erazi zuen «pertsona horien guztien memoria bizirik mantentzea» dagokiela, «are gehiago bizi ditugun garai ilun hauetan, askok iraganari liluraz begiratzen dioten garai ilun hauetan».

 

Hilerriko plaka berrituta, 13 kasu gehiago identifikatu baitira

Udaletik gogora ekarri dutenez, 1936an hasi zen Bigarren Errepublikaren kontrako altxamendua: «Tropa frankistek irailaren 13an hartu zuten Hernani, eta Gipuzkoa okupatu ondorengo errepresioa bortitza izan zen, baita Hernanin ere». Hernani izan zen lekuko, Gipuzkoan 1936ko udazkenean «altxatuek egindako sarraski haundienetako batena». Iraila eta azaroa bitartean, Hernaniko hilerrian fusilatu eta dokumentatu gabe lurperatu zitutzen 200 pertsona inguru, gehientsuenak Ondarretako espetxean zeuden presoak.

Hernaniko 10 herritar zeuden horien artean, eta «Gipuzkoan epaiketaz kanpo frankistek egindako exekuzio gehienak Hernaniko hilerrian gertatu ziren, beldur giroa zabaltzeko estrategia moduan», azaldu zuen Lertxundik.

Eta fusilatuez gain, ekitaldi honetan ere oroitzen dira Gerra Zibil garaian desagerrarazitako hernaniarrak. Aurten, desagerrarazitako 13 pertsona gehiago identifikatu dira. Horrela, hilerrian dagoen plakan agertzen den desagertuen zerrenda aldatu egin da, eta gaur egun 151 pertsona daude identifikatuta.

 

Gonbitea desagertutakoen senideei, erakundetako ordezkariei eta herritarrei

Udalak gonbitea luzatu die, noski, biktimen senideei, baita erakunde ezberdinetako ordezkariei eta herritar orori ere. Carlos Lopez de Ceballos eskulturagileak 2006an egindako eskulturaren aurrean izango da oroimen ekitaldia, eguerdiko 12:00etan. Eskulturagilearen aitona bera da frankistek desagerrarazitako pertsona bat. Horrela, ekitaldiak «egia, justizia eta duintasuna aldarrikatuko ditu gerraren testuinguruan desagertutako pertsona haientzat, baita haien familia eta senideentzat ere».

Urko Apaolaza eta Irati Sarasua ariko dira aurkezle lanetan; eta Roberto Pacheco eta Judith Montero musikariek girotuko dute unea, Nahia Valle abeslariaren laguntzarekin. Testigantzen zein errekonozimendu hitzen ondoren, lore-eskaintzarekin amaituko da ekitaldia, Hernaniko txistularien eta Ttarla dantza taldearen parte hartzearekin. 

 

Memoria historikoa berreskuratzea, urtetako lana

Fusilatuen senideek, diktadura frankistaren garaiaren barruan ere (klandestinitatean eta anonimoki), oroimen ekintzak burutzen zituzten. 1977tik aurrera antolatu dira memoria historikoa berreskuratzeko ekitaldiak, era ofizialago batean. Hernaniko Parrokiak antolatu zuen orduan ekitaldi bat, eta egungo kripta ireki zen. 1986an, berriz, Hernaniko Udalak aginduta, eraiki zen monumentu bat, hilerriko hobietako batean, eta aipatutako kriptari gehitu zitzaion Elbira Zipitriaren esaldia. 2000ko hamarkadan Hernaniko Udalak hasi zituen memoria ikertzeko lanak. Lehenendabizikoak izan ziren, hain zuzen, 1936ko uztaila eta azaroa bitartean Hernaniko hilerrian aurretiazko epaiketarik gabe fusilatu zituzten pertsonei buruzkoak.

Bestalde, 2006-2007 urteen artean Argi horma monumentua inauguratu zen Hernaniko hilerrian, 1936ko gerran frankistek hil eta desagerrarazitako guztien omenez. Eta bertan ondorengo esaldia dago idatzita: «Haiek defendatu zuten ideala aintzat hartzen dugulako eta sekula gertatu behar ez zen tragediaren lekuko izan dadin betiko». Ordukoak dira 'Udazkena oraindik. Memoria de la Guerra Civil en Hernani' dokumentala eta '1936ko udazkena Gipuzkoan: Hernaniko fusilatuak' liburua, biak ere Udalak ekoitziak. Horrez gain, hitzaldiak, erakusketak eta bestelako argitalpenak egin eta sustatu ditu Udalak. Azkena, 2025ean argitaratutako 'Hernani 1936-1959. Biolentzia, errepresioa eta giza eskubideen zapalketa gerra zibilean eta lehen frankismoan' liburua, Aranzadi Zientzia Elkarteko Irati Zuriarrainek egina.

Horrela, alkateak adierazi zuen moduan, urriak 18ko ekitaldia, memoria historikoa berreskuratzeko egin den urtetako lanaren jarraipena da: «Gure herriko historia denek ezagutu dezagun, gertatutakoa ez dadila ahaztu, eta ez dadila nostalgiatik gogoratu, gertatutakoa oso larria izan baitzen».

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!