Xakea bailaran indarra hartzen ari den garai honetan, bueltan da Hernaniko Xake Txapelketa herrikoia, beste urte batez. Gaur zortzi hasiko da, urriaren 18an; eta igandero jokatuko dira partidak, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Kixkal tabernan.
Parte hartzeko, zabalik dago izenemate epea: aldez aurretik apuntatu daiteke, 685 369 952 telefonoan edo xakekixkal@gmail.com helbidean; eta bestela, egunean bertan Kixkalera azaltzea nahikoa izango da. 5 euro dira, eta aurreneko egunean ordaindu behar da; langabetuen, ikasleen, 18 urtetik beherakoen eta 65etik gorakoen kasuan, doan.
Bost jardunaldi izango ditu txapelketak: urriak 18 eta 25, eta azaroak 1, 8, 15 eta 22. Ohi bezala, joko sistema suitzarra erabiliko da, sailkapenean parean daudenek elkarren kontra jokatuz; eta lau onenak sailkatuko dira finalerdietara. Azaroaren 22an jokatuko dira semifinalak eta finala.
Lehiakideak ados jarriz gero, partida aurreratu dezakete, astean zehar jokatu eta emaitza emailez jakinarazi antolatzaileei. Eta jokalari bakoitzak atseden egun bat hartzeko aukera izango du, puntu erdia jasoz, azkeneko jardunaldian izan ezik.