«Partidu polita» izango dute trikoloreek gaur Sant Cugaten, bigarren garaipena ekartzeko

Beñat Los Arcos Ayerdi

Iker Eizmendi, Bartzelonaren kontrako mele batean, aurreko igandean.

Bartzelona menderatu eta «egindako lanaren emaitza» ikusi ondoren, «gure oso antzekoa» den kontrario baten kantxan irabazi nahi dute.

Getxoko porrota atzean utzita, ilusioa pizteko moduko estreinaldia izan zuen Hernanik Landaren, joan den asteburuan. Garaipen haundia lortu zuen, oso partidu exigentean, Bartzelona 12-11 menderatuta: «Partidu gogorra izan zen, oso intentsoa», aitortu du Iker Eizmendik, trikoloreen bigarren kapitainak. «Bartzelonak erritmo haundia jarri zuen, eta nabaritu zen indartsu datozela, aurreneko mailan jokatzera ohituta. Baina eusten jakin genuen, eta oso ondo ikusi genuen taldea».

Bereziki garrantzitsua izan zen garaipena, aurreko denboraldi bukaerako bolada txarra hausteko aukera eman zielako, etxean aspaldiko partez irabazita. «Badakigu gauza asko dauzkagula hobetzeko, baina era berean, hasi gara ikusten entrenamenduetan landutako guztiaren emaitza, eta oso pozik gaude horrekin», dio Eizmendik.

Animo horrekin helduko diote, gaur, hurrengo erronkari: Sant Cugaten zelaian jokatuko dute, La Guinarderan, eguerdiko 12:00etan hasita. «Partidu polita» izango dela uste du kapitainak, eta «sekulako gogoarekin» joan dira Kataluniara: «Aurreko denboraldian, ligan eta kopan izan genuen kontrario. Kopan irabazi egin genien, baina ligako bietan beraiek nagusitu ziren. Ea oraingoan garaipena lortzen dugun!».

Eizmendik, zehazki, «oso gustuko» du Sant Cugaten kontra jokatzea, taldearen izaeragatik: «Gurearekin antza haundia hartzen diot. Oso talde gaztea daukate haiek ere, oso intentsoa. Aurreko denboraldian bikain aritu ziren, eta aurten ere maila onean hasi dute liga».

Badakite trikoloreek, bere onena eman beharko dutela denboraldiko bigarren garaipena ekartzeko, kataluniarrak aurreneko puntuen bila ariko direlako. Izan ere, 50-34 galdu zuten estreinako partiduan, Bartzelonaren zelaian; eta bigarrena, etxean jokatu behar zutena, bertan behera geratu zen, joan den astean Katalunian izandako eurite eta uholdeen ondorioz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!