Ospakizun berezia antolatu du Sahara-Hernani herri ekimenak biharko, Saharar herriaren Batasun Nazionalaren eguna dela eta. Horrekin bat eginez, eta «gurean jaiegun arrotza denez», motibo bikoitzarekin prestatu dute egitarau zabala Hernanin: «Hispanitatearen egunarekin hausteko, eta Saharar herriaren egun berezi hau ospatzeko». Horrela, «bi herrien borrokaz entzun eta ikasteko» aukera izango da, «lurralde okupatuen askapena eta herrien autodeterminazioa» aldarrikatzeko ekitaldietan.
Tilosetan jarri dute hitzordua, goizeko 11:00etatik aurrera; baina euria eginez gero Atsegindegira mugituko dute ospakizuna. Tearekin, argazki erakusketarekin zein musikarekin, hasiera girotua emango diote egunari, 11:00etan; eta eguerdiko 13:00etan egingo dute ekitaldi politikoa: 'Bi herri, borroka bakarra!'. Bertan izango dira Frente Polisarioko Mojtar Labuehi, eta Ezker Abertzaleko Txente Rekondo.
Ekitaldia bukatuta, bazkari autogestionatu kolektiboa egingo dute 14:00etan, toki berean: Tilosetan edo Atsegindegin, eguraldiaren arabera. Eta bazkalosterako, formakuntza tailerra prestatu dute, Saharar herriaren eta Euskal Herriaren borroken nondik norakoak ezagutarazteko.
Ospakizunarekin bat egin eta bertaratzeko gonbitea luzatu diete herritar guztiei, eta ingurukoen artean zabaltzeko deia ere egin dute.