Urumea ibai inguruko espezie inbaditzaileen azterketa eta garbiketa egingo dute bihar goizean. Sagarreta Natur Taldeko kideek antolatu dute saioa, Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua, Landareko aparkalekuan. Bertan elkartu eta azalpenak eman ondoren, Zubiondo aldera joko dute lanean hasteko, Erribera Txiki aldera.
Auzolanean prestatutako fitxen behaketa egingo da lehendabizi, Urumean agertzen diren espezie inbaditzaileenak, eta ondoren ekingo diote horiek garbitzeari. Helburua da, Sagarreta Natur Taldeko kideek azaldu dutenez, «espezie inbaditzaileek egiten duten kaltea azaltzea, eta gure bazterrak zaintzea».
Edonork parte hartu dezake, baina izena eman behar da aldez aurretik, info@sagarreta.eus helbidera mezua bidalita. Antolakuntzatik gomendatu dute mauka luzeak eta galtza luzeak eramatea, baita oinetako egokiak ere. Gainontzeko materiala, adierazi dutenez, bertan izango dute animatzen diren herritarrek. Izan ere, azpiegiturari eta materialari dagokionez, Hernaniko Udalaren laguntza izango du Sagarretak.