Aurtengoa bosgarren urteurrena duten bi ospakizun, burujabetzarekin lotutakoak

Julen Borreguero Fernandorena

Jendez lepo Plaza Berri, iazko Burujabetzen Egunean.

Alde batetik, 'Burujabetzak eta Demokrazia Komunalak: Nazioarteko eta Euskal Herriko begiradak' topaketa izango da, hilaren 15etik 17ra. Bestetik, Burujabetzen Astea, 19tik 24ra.

 

Datozen asteetan bi ekitaldi izango dira Hernanin, aurtengoa bosgarren urteurrena dutenak, eta biak ere burujabetzarekin lotutakoak. Alde batetik, 'Burujabetzak eta Demokrazia Komunalak: Nazioarteko eta Euskal Herriko begiradak' topaketa izango da, hilaren 15etik 17ra; lehen edizioa Hernanin izan zen 2021ean, eta bosgarren urteurren honetarako bueltatu da herrira. 

Bestetik, Burujabetzen Astea izango da urriaren 19tik 24ra. Aurreko urteetan Burujabetzen Eguna ospatu izan da Hernanin, eta aurtengoa bosgarrena denez, egitaraua zabaldu dute. Hainbat jarduera izango dira Plaza Berrin.

 

Herrira bueltan, 'Burujabetzak eta Demokrazia Komunalak: Nazioarteko eta Euskal Herriko begiradak' topaketa

Euskal Herriko Demokrazia Komunalaren Sareak (EHDKS), Demokrazia Komunalaren aldeko Nazioarteko Sarearekin (RIDC) batera antolatutako topaketa sorta izango da bost urte betetzen dituzten ekimenen lehena Hernanin. Antolatzaileek azaldu dute bi begirada uztartuko dituela topaketak: batetik, Nazioarteko begirada, RIDCk bost urte bete dituela eta; bestetik, Euskal Herriko begirada, «lurraldean abian den Tokiko Gida Eraldatzailearen (TGE) prozesua borobilduz eta lurraldeko eraldaketa prozesuarekin hausnartuz».

 

Burujabetzen Eguna, aurtengoan Astea izango da 

Burujabetzen Eguna lehenengoz antolatu zutenetik ere bost urte betetzen dira aurtengoan. Horregatik, Burujabetzen Eguna mantenduko duten arren (urriaren 24an izango da), aurtengoan Burujabetzen Astea izatera pasa da. Hilaren 19tik 24ra bitartean hitzaldiak, mahai-inguruak, haurrentzako txokoak eta antzerkiak izango dira, besteak beste. Musika eta giro ona ere ez dira faltako, hausnarketarako egunak izan ez ezik, ospakizun egunak ere badira eta.

Astea bera baliatuko dute, beraz, azken bost urteetako ibilbidea ospatzeko. Halaber, urriaren 24an izango da urteurren-ekitaldi nagusia, 13:00etan egingo duten agerraldiarekin eta argazkiarekin, bost urte hauetan prozesuaren parte izan diren eragileekin.

 

BURUJABETZAK ETA DEMOKRAZIA KOMUNALAK: NAZIOARTEKO ETA EUSKAL HERRIKO BEGIRADAK

URRIAK 15, osteguna

17:00, Hitzaldia: Italia, Argentina eta Frantzia: Eskuin muturraren aurrean erresistentzia eta antolakuntza herrikoia.

19:00, Hitzaldia: Venezuela, Kolonbia eta Kuba: Asedio garaietan herri burujabetza, herri boterea eta botere komunala.

URRIAK 16, ostirala

10:00, Hernani Burujabe, bisita eta ezagutzea.

13:00, Nazioarteko ordezkarien arteko bilera.

16:00, Mahai-ingurua. Ikuspegi sektoriala: etxebizitza, elikadura, energia, hezkuntza, zaintzak eta bestelako arloetako esperientzia eraldatzaileak.

18:00, Mahai-ingurua. Ikuspegi sektoriala: lurraldeko plangintza eta kudeaketa parte-hartzailea, arloen arteko koordinazioa eta demokrazia zuzena.

20:00, RIDCren 5garren urteurrenaren adierazpena eta 4garren Nazioarteko Kongresuaren aurkezpena (2027ko otsaila, Caracas, Venezuela).

URRIAK 17, larunbata

10:00-12:30, Tailer praktikoa Tokiko Gida Eraldatzailearen inguruan: lehen zirriborroaren analisia eta ekarpenak.

13:00, OIDCren aurkezpen ofiziala eta talde argazkia.

15:00, Herri bazkaria (izenematea: labur.eus/topaketakbazkaria) eta itxiera.

 

BURUJABETZEN ASTEA

URRIAK 19, astelehena

Egunaren hasieran, 'Zaintzaldia'ren hasiera.

12:00, Ekimenaren aurkezpena, Sandiusterrin.

18:00, Ekimenaren inguruko dokumental labur baten aurkezpena, 'Karkaba' elkargunean (Zapa kalea, 41).

URRIAK 23, ostirala

19:00, 'Zorte on' antzerkiaren aurkezpena, Tenpora antzerki talde herrikoiaren eskutik, Sandiusterrin.

URRIAK 24, larunbata - Burujabetzen Eguna, Plaza Berrin

Goizean zehar, Eragileen mahaiak, euren lanak aurkezteko, eta haurrentzako txokoa, Kanika aisialdi taldeak dinamizatuta.

11:15, Mahai-ingurua, Hernani Burujaberen 5garren urteurrena hizpide hartuta.

12:00, Kaleko Afari Solidarioak­eko ordezarien hitzaldia.

12:15, Hamaiketakoa Herrilurren eskutik, eta Nahia Valle hernaniarraren kontzertua.

13:00, Agerraldia eta argazki bateratua, bost urteotan parte hartu duten eragileekin.

14:30, Bazkaria Santa Barbara elkartean (tiketak salgai Garin­en eta Kiden), eta Arbasoak taldearen kontzertua.

18:30, 'Patxangoi' elektrotxaranga herrian zehar.

 
 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!