Trafikoan aldaketak datozen hilabeteetan, Galarretatik Errekaldera bidean

Beñat Los Arcos Ayerdi

Galarretako obrak tarteko, trafikoa desbideratu egingo dute Galarretako errotondatik Chillida Lekurako zatian, egin berri duten errepidetik. Printzipioz, bihartik aurrera izango da, otsailera bitarte.

Azkeneko fasean sartu dira Galarretako obrak, eta horiek egiteko, trafikoa desbideratuko dute datozen egunetatik aurrera, Galarretatik Errekaldera bidean. Zehazki, itxita egongo da Galarretako errotondatik zerrategi parean egin duten errotonda berrira arteko errepide zatia, eta soilik Volvoko langileek izango dute sartzeko aukera, egun hauetan. Gainerakoentzat, bide alternatiboa osatu dute: Mercadona ondoko errotondara iritsi beharko dute (ospitaletako aldaparen hasieran dagoena), eta bertatik hartuko dute eraiki duten errepide berria, zerrategi aurrera eramango dituena. Hortik Errekaldera, ohiko bidetik jarraituko dute. Kontrako noranzkoan ere, bide berbera izango da.

Gaur bertan ziren lan horiekin hasi eta trafikoa desbideratzekoak, baina eguraldiagatik atzeratu egin dute, eta printzipioz bihartik aurrera izango da. Lanak bukatu arte bideratuko dute trafikoa horrela, eta aurreikusi dute 2027ko otsailaren erdialdera amaituko dituztela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!