Oroimenak taldearen 'Asesinato en el jubiletxe' antzezlana, arratsalde honetan Erriberan

Julen Borreguero Fernandorena

Komedia misteriotsu gisa katalogatu dute 'Asesinato en el jubiletxe' obra.

18:00etan izango da, gaztelaniaz eta doan. Obraren egilea da Oroimenak talde gipuzkoarra, 1992an sortua, eta bitxia da, taldearen zati haundi batek desgaitasun bisualik baitu.

 

'Asesinato en el jubiletxe' izeneko antzezlana eskainiko dute arratsalde honetan Erriberan. 18:00etan izango da, gaztelaniaz eta doan. Antzezlana komedia misteriotsu gisa katalogatu dute, zeinean pertsonaia guztiak susmagarriak diren. Gainera, bateratzen ditu interpretazioa, musika eta jarduera fisikoa. Obraren atzean dagoen taldea da Oroimenak; ibilbide luzea duen taldea da, eta 'Asesinato en el jubiletxe' dute sortutako 21garren obra.

Obraren nondik norakoei da­­gokienez, ondorengoa kontatu du taldeak: «Itxuraz baketsua den erretiratuen etxe honetan, egoiliarrik maitatuenetako bat da Valentin. Bere ustekabeko heriotzak errutina hausten du eta ezkutuko sekretuak, zauri zaharrak eta grin isilduak azaleratuko dira».

 

Oroimenak, talde bitxia

Oroimenak antzerki taldea Donostian jaio zen 1992an. Antzerki tailer gisa jaio zen, ONCE elkartearen barruan, eta aktore taldea osatuta dago, hein haundi batean, pertsona itsuez edo desgaitasun bisuala duten pertsonez, ONCE elkarteko afiliatuak direnak. 

2003an izan zen antzerki taldearen inflexio puntu garrantzitsuena, 'Maribel y la extraña familia' obraren sorrerarekin. Hori izan zen osorik burutu zuten lehenengo obra, exigitzen zuena testua ikastea eta beren gain hartzea janzkerarekin, eszenatokiarekin, iluminazioarekin eta bestelakoekin zerikusia zuen guztia. 

Hortik aurrera, taldeak jarraitutasuna eman dio produkzioari, ia urteroko maiztasunarekin kaleratuz obra berri bat. Horrela, 21garrena da 'Asesinato en el jubiletxe' obra.

Aipatzekoa da, baita ere, taldeak saririk jaso duela bere ibilbide luze honetan zehar. Zehazki, 2013an taldeak jaso zuen ONCEko Antzerki Taldeentzako Arte Eszenikoetako MAX Afizionatu Saria, bere ibilbidearen eta konpromiso artistikoarengatik. Eta horrela jarraituz gero, jasoko dute besteren bat ere.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!