«Estreinaldiak beti dira bereziak, baina etxean izanda askoz ere gehiago»

Beñat Los Arcos Ayerdi

Iñaki Rikarte eta Garbiñe Insausti, 'Herentzia' antzezlanaren eszenetako bat entsaiatzen.

'Herentzia' antzezlana estreinatuko du Kulunka konpainia hernaniarrak, Biterin, euskeraz gaur eta gaztelaniaz ostiralean, biak ere 19:00etan. «Eszenatoki haundienetan baino urduriago» arituko da Garbiñe Insausti aktore hernaniarra.

 

Oso berezia izango da gaurko arratsaldea, Hernaniko antzerkigintzarentzat: Garbiñe Insaustiren eta Iñaki Rikarteren Kulunka konpainia hernaniarrak Biterin estreinatuko du 'Herentzia' antzezlana. Euskerazko obra eskainiko dute gaur, 19:00etan hasita; eta gaztelaniazko bertsioa ere aurrenekoz eskainiko dute Biterin bertan, ostiral honetan, 19:00etan hori ere.

«Estreinaldiak badira berez nahiko bereziak, edonon eginda ere; baina etxean izanda, askoz ere gehiago», aitortu dio Garbiñe Insausti hernaniarrak Kronikari. «Konpainiak 15 urte dauzka, gure zazpigarren ikuskizuna da hau, eta ia denekin pasa gara Hernanitik; baina inoiz ez estreinaldia egiteko». Gauzak horrela, oso saio bereziak izango dira Insaustirentzat: «Eszenatoki txikia izanda ere, haundietan baino urduriago arituko naiz, ziur. Ikusleen gehiengoa ezagutuko dut, besterik ez bada bistaz; familia eta lagunak ere presente egongo dira... Niretzako ez da oholtza txikia izango!».

Ez da kasualitatea obra hau Hernanin estreinatzea, «oso bertakoa» izan baita proiektua. «Beste proiektu batzuk Hernanin entsaiatu izan ditugu, baina baita Madrilen ere. Eta hau, aldiz, oso hemengoa izan da: Biterin entsaiatu dugu; aktoreak ere bertakoak dira, Aizpea Goenaga eta Isidoro Fernandez, Iñakirekin eta biokin batera. Proiektua egituratu genuenean, harremanetan jarri ginen Agurtzane Aizpururekin, Hernaniko Udaleko kultur teknikariarekin; eta hasieratik agertu ziren oso pozik eta harro, guri aukera hau emateagatik. Eta gu ere bai, noski, aukera hori izateagatik».

 

«Bagenuen gogoa gure lanetan euskera berreskuratzeko»

Garbiñe Insaustik azaldu du, gainera, bazeukatela gogoa «gure lanetan euskera berreskuratzeko. Obra gehienetan ez dugu testurik izaten, maskaretan oinarritzen garelako batez ere. Baina antzezlan hau egin nahi genuen euskeraz zein gazteleraz, eta aukera polita zen biak aldi berean aurkezteko. Erronka haundia ere bada, egun batetik bestera hizkuntza aldatzea», aitortu du.

Gauzak horrela, «guztiz» aldatuko dute formatua oraingoan: «Gure ibilbidea gehienbat oinarritu da maskara lanean eta testurik gabeko antzezlanetan, eta horrek eraman gaitu 40 herrialde baino gehiagotara. Aldi berean, modu paraleloan, garatu dugu beste ibilbide bat ere, testu garaikideetan oinarritutakoa. Eta ildo horretatik jarraituz landu ditugu 'Herentzia' eta 'Herencia', Iñaki Rikartek berak idatzitako testuarekin. Ez dugu mugatu nahi soilik maskara lanera, eta orain aukera suertatu zitzaigun antzezlan hau aurrera eramateko». Izan ere, kontatu du «aspalditik gordeta» zeukatela antzezlanaren testua: «Iñakik 2019an idatzi zuen, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza batekin. Baina orain ikusi dugu aukera, guztiok gure agendekin posible genuelako, eta aurrera egin dugu».

 

Thriller psikologiko bat, berandu arte argituko ez den gertakari traumatiko batekin

Antzezlanak etxe bateko logelan kokatuko ditu ikusleak, gau batez: Javiren eta Aliciaren logelan, hain juxtu. «Nolabaiteko thriller psikologiko garaikidea da, eta misterio bat izango da ikuslearentzat», aurreratu du Insaustik. Izan ere, gertakizun traumatiko baten inguruan ariko dira protagonistak, baina «nahiko berandu arte» ez dute aditzera emango zer den gertatu dena. Gertakari horrek hankaz gora jarri du bikotearen bizitza, eta obrak kontatuko du «nola beldurrek eraman gaitzaketen errealitate berriak sortzera; benetakoak ez diren errealitateak». 

70 minutuko iraupena dauka antzezlanak, eta 18 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Sarrera gutxi geratzen dira bi saioetarako, eta 8,5 euroan daude salgai, kultura.hernani.eus webgunean edota Biterin bertan.

Egunotan aritu dira, Biterin bertan, azkeneko entsaioak egiten, euskerazko antzezlanarekin. «Etxean gustura aritzen gara beti, oso ondo zaintzen gaituzte. Aspalditik ezagutzen dugu elkar kultur etxeko arduradunekin, eta Biterira bueltatzea, etxera bueltatzea da. Antzezlan guztiekin etorri gara hona, 'Forever' obrarekin izan ezik, dimentsio haundiko antzezlana zelako eta ez zelako kabitzen Biterin», azaldu du aktore hernaniarrak.

 

'Forever' antzezlanaren arrakastaren ondoren, «hurrengo maskara-lanean ere pentsatzen hasita»

'Forever' izan da, hain juxtu, Kulunkaren lanik arrakastatsuena, 15 urteko ibilbidean. Bina sari eskuratu zituen 2024ko Max Sarietan, Talía Sarietan eta Godot Sarietan. «Oso polita izan da 'Forever' antzezlanarekin gertatu dena. Guretzako erronka haundia izan zen, bai teknikoki eta bai dramaturgikoki. Hizkuntzarekiko mugak gainditu genituen. Eta oso harrera ona izan zuen».

Ikuskizun baten sariekin eta arrakastarekin ere, dena den, «egunerokoan biziraun» behar dela azaldu du Insaustik: «Antzerki konpainia bat mantentzea ez da erraza, erronka haundia da». Horregatik, antzezlan berria estreinatzear direnean, dagoeneko ari dira pentsatzen hurrengoan ere, 'Forever'en bidera itzulita: «Ez dugu maskara-lana alde batera utzi. Oraingoan ez ditugu erabili, baina dagoeneko hasita gaude hurrengo maskara-lanean pentsatzen. Izan ere, denbora asko behar izaten dugu maskara-lanak prestatzeko, oso exigenteak dira».

Edonola ere, aste honetan 'Herentzia' besterik ez daukate buruan, Biteriko estreinaldi bikoitzarekin. Beste batzuen aldean txikia izan arren, gaur eta etzi erraldoia irudituko zaien oholtza horretan.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!