Eli Pagolak ere ez du gaindituko koxka, Tolosan hirugarren izan arren

Beñat Los Arcos Ayerdi

Eli Pagola, aurreko saio batean.

Ereñotzuarrak 639 puntu lortu zituen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren kanporaketan, eta aurrera egiteko aukerarik gabe geratu da.

 

Ez du koxka gaindituko Eli Pagola ereñotzuarrak ere, Bertsolari Txapelketa Nagusiko aurreneko fasean. Saio polita osatu zuen Tolosan, eta hirugarren izan zen 639 punturekin, Julio Soto irabazlearen (683) eta Amaia Iturriotzen (651,5) atzetik. Baina finalerdietan aritzeko aukerarik gabe geratu da dagoeneko: saioetako irabazleak alde batera utzita, 13garrena da puntuazioz, eta 10 soilik sailkatuko dira hurrengo fasera.

Horrela, nahi baino lehenago bukatu da ereñotzuarraren bidea, Eñaut Martikorena hernaniarrarena bezalaxe. Datorren asteburuan, Urumea bailarako beste bi bertsolari saiatuko dira txartel preziatuetako bat eskuratzen: Zuberoako Gotaine-Irabarnen ariko da Andoni Rekondo hernaniarra, larunbatean 17:00etan; eta Arabako Agurainen Agin Laburu astigartarra, igandean 17:00etan. Rekondok bertsokide izango ditu Aitor Etxebarriazarraga, Ekhiñe Zapiain, Onintza Enbeita, Unai Mendizabal eta Xabat Illarregi. Laburuk, berriz, Aissa Intxausti, Asier Azpiroz 'Azpi', Gorka Pagonabarraga, Irantzu Idoate eta Nerea Elustondo izango ditu ondoan.

Kanporaketa irabaztea dute aurrera egiteko biderik zuzenena. Bestela, gutxienez 650 puntuko langa gainditu beharko dute, semifinaletan aritzeko aukerarik izan nahi badute.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!