Urumea ibaiko espezie inbaditzaileen garbiketa, larunbat honetan

Julen Borreguero Fernandorena

Goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua, Sagarreta Natur Taldeko kideek, Landareko aparkalekuan. Bertan azalpenak eman ondoren, abiatuko dira Erribera Txikirantz, Urumea ibaia espezie inbaditzailez garbitzera.

 

Urumea ibai inguruko espezie inbaditzaileen azterketa eta garbiketa antolatu dute larunbat honetarako (urriak 10) Sagarreta Natur Taldeko kideek, Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua, Landareko aparkalekuan. Bertan elkartu eta azalpenak eman ondoren, Zubiondo aldera joko dute lanean hasteko, Erribera Txiki aldera. 

Auzolanean prestatutako fitxa batzuen behaketa egingo da, Urumean agertzen diren espezie inbaditzaileenak, eta ondoren ekingo diote horiek garbitzeari. Helburua da, Sagarreta Natur Taldetik azaldu dutenez, «espezie inbaditzaileek egiten duten kaltea azaltzea, eta gure bazterrak zaintzea».

Edonork parte hartu dezake, baina izena eman behar da aldez aurretik, info@sagarreta.eus helbidera mezua bidalita. Antolakuntzatik gomendatu dute mauka luzeak eta galtza luzeak eramatea, baita oinetako egokiak ere. Gainontzeko materiala, adierazi dutenez, bertan izango dute animatzen diren herritarrek. Horrela, azpiegitura eta materialari dagokionez, Hernaniko Udalaren laguntza izango du Sagarretak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!