Goi-mailako errugbia bueltan Landaren: garaipen haundia lortu zuen Hernanik Bartzelonaren kontra

Beñat Los Arcos Ayerdi

Trikoloreek 12-11 menderatu zuten talde kataluniarra, Anartz Elosegiren bi entsaio ederrekin, intentsitate haundiko partiduan.

Igande eguerdian Landarera gerturatu zena, aho zapore gozo-gozoarekin etxeratuko zen. Partidu ederra jokatu zuten Hernanik eta Bartzelonak, goi-mailako errugbi egunak gogora ekarriz; eta lau puntuak etxean geratu ziren, gainera: 12-11 nagusitu ziren trikoloreak, Anartz Elosegik lortutako bi entsaiori esker.

Hasieratik aritu ziren oso sendo etxekoak, zaleen babesa lagun zutela. Nagusi izan ziren aurreneko ordu laurdenean, baina orduantxe iritsi zen kataluniarren lehenengo entsaioa, hernaniarren despiste bakarretako bat baliatuz (0-5). Bereari eutsi zioten trikoloreek, baina joko onak ez zuen fruiturik eman aurreneko zatian; are gehiago, kontrarioak izan ziren beste hiru puntu pilatu zituztenak, atsedenaren aurretik, zigor kolpe bat gauzatuta.

Bigarren zatian, ordea, berehala aldatu zen kontua: Bartzelonaren ostiko bat blokeatu zuen Elosegik, ostikoz aurreratu zuen baloia entsaio zonara, eta bera izan zen iristen azkarrena, tartea murrizteko (5-8). Beste zigor kolpe batekin, berehala haunditu zuen zuloa berriro Bartzelonak (5-11), baina 20 minuturen faltan bigarrenez iritsi zen marraren beste aldera Elosegi, trikoloreek behin eta berriro sortutako arriskua markagailuan islatzeko. Aurreneko entsaioa bikaina izan bazen, zoragarria izan zen bigarrena: 40 bat metrora hartu zuen baloia, eta zig-zagen bitartez utzi zituen atzean bost kontrario. Berak lortu zuen konbertsioa, markagailuan aurretik jartzeko (12-11).

Bikain eutsi zioten trikoloreek, hortik aurrera. Izan zuten susto pare bat, kataluniarrek aurreneko lerroak azkar gaindituta; baina ezin hobeto geldiarazi zituzten atzelariek. Zigor kolpe bana ere huts egin zuten bi taldeek, eta bere horretan geratu zen markagailua, Hernaniko zaleen zoramenerako.

 

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!