Azpirozek Barrenetxea menderatu zuen, Buruz Burukoaren finalean

Julen Borreguero Fernandorena

«Galarretak bere agurrean merezi zuen finala» izan zen; 30-29ko emaitzarekin.

Sekulako emozioa izan zuen Buruz Burukoaren Txapelketako finalak, Galarretaren agurrean. Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Xabier Azpiroz uitziarrak sekulakoa oparitu zioten ikuslegoari; 29-29koa zela markagailuan, Azpirozek lortu zuen azkeneko tantoa, eta horrekin batera, txapela eskuratu ere. Horrela, nahiz eta finala bere horretan bazen historikoa, azkenekoa zelako Galarretan, bi erremontistek ederki omendu zuten pilotalekua, azken hau askoren memorian geratuko den unea bilakatuz. 

Emaitza estu baino estuagoa izateaz gain, eta azken tantura biak irabazteko aukerarekin iristeaz gain, partiduak denetarik izan zuen: «peloteoa, emozioa, parekotasuna, tanto politak, defentsa onak, erreboteak, bi-paretak, esfortzua, lehia...», adierazi dute antolakuntzatik. Azkenean, Azpirozek eraman zuen saria, «merezita».

Hernaniarra hasi zen aurretik markagailuan, 0-2, baina Azpirozek buelta eman zion, 5-2 jartzera arte. Partiduaren lehen herenean aurretik mantendu zen uitziarra, hernaniarra bere sakeaz baliatzen hasi zen arte. Orduan pasa zen markagailua 11-8koa izatetik 11-16koa izatera, Barrenetxearen alde. Partiduaren bigarren herenerako, bazuen dezente bentaja Barrenetxeak, eta hala mantendu zen aldi batez. Halere, Azpirozek ez zion uko egin lehiatzeari, inolaz ere, eta 18-19 jarri arte hurbildu zen hernaniarrarengana. 

Eta hortik aurrera hasi zen partiduaren momenturik zirraragarriena. Berdintasuna eta lehia izan ziren protagonista amaierara arte. Inorrek ez zuen aurrea hartzen, ezta amore ematen ere. Bi erremontistak txapelaren bila joan ziren, barruan zuten denarekin. Horrela, 29na iritsi ziren amaierara, tantoa egiten zuenak lortuko zuen txapela. Barrenetxearena zen sakea; lehenengoa luze jo zuen hernaniarrak, eta bigarren sakean motz geratu zen, modu krudel horretan galduz finala. 

Hala eta guztiz ere, Barrenetxeak adierazi zuenez, nahiz eta galdu «gustora» geratu zen, finalak «merezi zituen osagai guztiak» izan baitzituen. Damua ere erakutsi zuen hernaniarrak: «5-6 tantoko abantaila hartu dudanean, agian ez dut jakin partidua maneiatzen, partidua hozten, nahiz eta ez datorren nire izaerarekin bat». 

Azpiroz, bere adetik, ospatzeko gogoz azaldu zen partiduaren ostean: «Uitzi bezalako herri txiki batean jaiota eta ezker paretik gabeko frontoian, ez sinestekoa da txapela hau. Hori bai borrokalaria naiz eta orain txapela hau ospatzea tokatzen da». Bestalde, gakoetako bat, uitziarren iritziz, «errestoan eroso» egon zela izan zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!