Etxeko desdigitalizaziorako urratsak

Altxa Burua Hernani

Altxa Burua Hernani

2025eko PISAko emaitzek kezka sortu dute gizartean eta hein batean beharrezkoa izan da digitalizazioa bere horretan ona ez dela pentsarazteko. Teknologia berriek bizitza hobetzeko eta errazteko helburua izan dute, baina, guztia bezala, begirada kritiko batetik begiratu behar diegu. Zenbateraino da ona etxeak pantailaz betetzea? Pantailen erabilera ez arautzea? Eta gure haurren adina kontuan hartu gabe jolas eta ohitura digitalak mugagabeki eskaintzea?

PISAko emaitzen artean aztertu ahal izan dugu EAEko 15-16 urteko gazteek arreta galtzeko erraztasun gehiago dutela pantailen ondorioz, klasean. Baina, etxeetan, familietan, ez gara arreta falta horretaz ohartzen? Benetan uste dugu eskolako gehiegizko digitalizazioak bakarrik eragiten diela euren arreta faltan?

Jar gaitezen barrura begira, eta egin dezagun autoebaluazioa kolektiboki: haurrak eskatzen duen aldiro uzten zaio gurasoaren mugikorra? Gazteak gogoa pizten zaion aldiro begiratzen du bere mugikorra? Haur edo gaztearen adina kontuan hartu gabe erabiltzen ditu sare sozialak, jolas aplikazioak, bideo-jokoak…? Mugikorra erosi zaio eta lagunartean ateratzean mugarik gabe erabiltzen utzi zaio? Lagunartean dagoela mugikorra etengabe erabiltzen du?

Galdera hauen erantzun guztiak baiezkoak badira, edota ezezko ez oso ziurrak, gurasoongandik hasita lana daukagu etxeko desdigitalizazioa eragiten. Pantailen erabilera murriztu beharra daukagu, gure seme-alaben osasun mentala baitago jokoan, eta hau ez da jarrera pertsonala bakarrik, kolektiboa baizik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!