Aurreneko garaipena «bai ala bai» lortu nahi dute trikoloreek Landaren gaur, Bartzelonaren kontra

Beñat Los Arcos Ayerdi

Xabier Garmendia hernaniarra, joan den urtean, La Vilaren kontra Kopan.

Eguerdiko 12:00etan jokatuko du Hernanik talde kataluniarraren kontra. Getxoko «deskonexioak eta akatsak» atzean utzi beharko ditu irabazteko.

Landarera bueltan da goi-mailako errugbia, ligako estreinako partidua jokatuko baitu Hernanik etxean, gizonezkoen Ohorezko Elite Mailan. Gaur eguerdiko 12:00etan izango da hori, eta Bartzelonaren bisita jasoko dute trikoloreek, «bai ala bai» irabazi nahi duten partiduan.

Ez da nolanahiko kontrarioa aurrean izango dutena, maila gorenetik jaitsi berria baita talde kataluniarra. Baina inolako konplejurik gabe egingo diete aurre trikoloreek kontrario guztiei, eta etxean indartsu aritu nahi dute beste urte batez, ahalik eta partidu gehien irabazita, zaleen bultzadarekin.

Horretarako, hori bai, ligako lehenengo partiduan azaleratutako zenbait hutsegite zuzendu beharko dituzte hernaniarrek. «Nahiko aho zapore txarrarekin bueltatu ginen Getxotik, batez ere emaitzagatik (40-18)», azaldu dio Xabi Lukasek, taldeko kapitainetako batek, Kronikari: «Partidua ez zen hain gaizki joan, bereziki aurreneko zatian. Baina bigarrenean 10-15 minututan egin zigun ihes. Gure arteko deskonexioa izan zen, eta pare bat akats. Horrekin, hiru entsaio lortu zituzten beraiek, eta erabat eman zioten buelta markagailuari. Hortik aurrera, partidutik atera ginen», aitortu du.

Emaitza txarra izan arren, «gauza onekin» geratzen saiatu dira trikoloreak. Sendo aritu ziren aurreneko zatian, eta atsedenera aurretik iritsi ziren markagailuan (7-11). «Badakigu gauza asko dauzkagula hobetzeko, eta bide luzea izango dela», dio Lukasek.

Bide horretan, baina, lehenbailehen hasi nahi dute garaipenak eta puntuak pilatzen: «Aurreneko partidua da etxean, gure zaleen aurrean, eta horrek motibazioa dezente haunditzen du. Garaipenaren bila aterako gara, bai ala bai».

Sailkapeneko azkeneko postura eraman zuen Hernani, Getxoren kontrako ordu laurden kaxkar horrek. Izan ere, jardunaldi bakarrarekin konklusio gutxi atera daitekeen arren, agerian geratu da Ohorezko Elite Mailak parekotasun haundia izango duela beste behin. Bartzelonak berak, esaterako, oso partidu lehiatuan menderatu zuen Sant Cugat etxean (50-34). Beste bi partidu erabaki ziren bi puntuko aldearekin: Gernikak 24-22 irabazi zion Sevillako Ciencias jaitsi berriari Urbietan, eta Las Rozasek azkeneko minutuetan eraman zuen garaipena Valentziatik (27-29). Fenixek itxuraz erosoago lortu zuen garaipena Les Abellesen kontra (41-26), baina alde txikiarekin iritsi zen azkeneko minutuetara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!