Gaztetxoekin irteera egingo du Mendiriz Mendik bihar, Urbiara

Beñat Los Arcos Ayerdi

Bihar goizean egingo du hurrengo irteera Mendiriz Mendik, gaztetxoei zuzendutakoa. Oraingoan, Urbiako xenda osatuko dute, PR-Gi 3006 ibilbideari segika. Goizeko 08:30etan jarri dute elkartzeko hitzordua Biterin, eta autobusean joango dira Arantzazura. Prezioa 5 eurokoa izango da gaztetxoentzat, eta 10 eurokoa helduentzat. Arantzazutik abiatuta, 11 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta lau orduko mendi buelta aurreikusi dute. 520 metroko desnibela izango du, baina ez dauka zailtasun teknikorik. Nahikoa izango da mendiko material arrunta eta «betiko umore ona» eramatea, elkartetik jakinarazi dutenez. Mendi eta baso artean, paisaia ederrak ikusiko dituzte, eta gizakiaren historiaren aro ugari lotzen ditu egingo duten xendak, «historiaurreko tumuluetatik hasi eta XX. mendeko arte modernoraino». Itzulera arratsalde erdi partean egitea aurreikusi dute, eta beraz, beharrezkoa izango da bazkaria eramatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!