Gaur ospatuko da seigarrenez Errebeldeak Fest izena duen eta kirola musikarekin batzen duen jaialdi inklusiboa, Hernanin. DameTVision Kultur Elkartea da jaialdiaren antolakuntzaren arduraduna, eta aurtengoan batu ditu herri kirolak eta rock zein metal estiloko kontzertuak.
Tilosetan izango da herri kiroletako emanaldia, arratsaldeko 17:30etan hasita. Parte hartuko dute kirolari hauek: Ostolaza ahizpa oriotarrak, Imanol Royo zarauztarra eta Xabier Aranburu 'Guzta' urrestillarra ariko dira harrijasotzen; eta aizkoran Pikabea anai-arreba ereñotzuarrak, Suharri Rodríguez hernaniarra eta Oihana Fernandez de Barrena herediarra.
Eta musikaren txanda izango da 20:30etan, orduantxe hasiko baita Atsegindegin lehendabiziko kontzertua, 'Mar de fondo' rock talde galiziarrarena. Jarraian, 22:00etan, ekingo dio 'Rossie's in hell'ek AC/DC taldeari tributoa egiteari; eta azkenik, 00:00etan izango da 'Hellmugan' metal talde errenteriarraren txanda.