Hernaniko liburu eta disko azoka gaur Atsegindegin, eta VIIgarren Kromiki lehiaketa, martxan

Julen Borreguero Fernandorena

HAzokan aurkeztuko dute disko berria, 12:00etan, Muxin eta Zapotxin pailazoek.

Dobera Euskara Elkarteak antolatu ditu bi ekimenak. Kromiki lehiaketaren kasuan, hilaren 11 da jatorrizko lanak aurkezteko azken eguna.

Hernaniko VIgarren liburu eta disko azokaz gozatzeko aukera izango da gaur Atsegindegin, 10:30etatik 14:00etara. Dobera Euskara Elkarteak antolatzen duen HAzokaren irekiera girotzeko arduradunak izango dira Karabeleko konpartsa txikiko kideak, eta jarraian hasiko da 3-7 urte artekoen familientzako musika tailerra, haur txokoan. 

11:15etan eta 12:00etan sortzaile hernaniarrek izango dute haien espazioa. Izan ere, 11:15etan aurkeztuko dute Ane Aierbek, Maialen Diaz de Ceriok eta Iñaki Sanz-Azkuek haien obra berria: 'Xor eta Beltz' ipuina. 12:00etan, berriz, estreinaldia disko batena izango da, Muxin eta Zapotxin pailazoena.

12:30etan, 'Euskal musikarekin, kontuz!' antzerki musikatua eskainiko dute Tessa Andonegik eta Ainhoa Aierbek. Emanaldiaren xedea da betiko abestietako letrei begirada kritiko eta feminista batekin erreparatzea, eta haien gainean kontzientziatzea.

Amaitzeko, 13:30etan, HAzoka agurtzeko ardura hartuko dute Arbasoak taldeko kideek, kontzertua eskainiko baitute. 

Kromiki lehiaketa, martxan

Kromiki lehiaketaren VIIgarren edizioa martxan da. Aurten ere Doberak antolatu du lehiaketa hau, «haur, gazte nahiz helduen artean euskal kultura, sorkuntza eta irakurzaletasuna sustatzeko asmoz, baita euskerazko komikigintza ere». Lehiaketa dago banatuta hiru multzotan: Haurrak (6-11 urte bitartekoak, hauena ez da lehiaketa, zozketa baizik), gazteak (12-17 urte bitatekoak, komiki onena sarituko da kasu honetan) eta helduak (18 urtetik gorakoak, komiki onena sarituko da kasu honetan ere). 

Kromikiak, bestalde, Hernanirekin zerikusia, euskeraz, eta 26 x 7,3 zentimetrotako tamaina izan behar du (Kronikan agertzen diren komikien tamainakoa). Zuri beltzean zein koloretan egin ahalko da. Lanak aurkezteko epea urriaren 11n amaituko da, Kromikiaren atzean edo beste orri batean jarriz egilearen datuak: izen-abizenak, telefonoa, adina eta posta elektronikoa. Kromiki irabazleak Kronikan argitaratuko dira, eta lan guztiekin liburuxka bat osatuko da, PDF formatuan. 

Azaroaren 20an Kromikiak ikusgai izango dira Komiki Azokan, eta bertan izango da sari banaketa ere. Sarituak nahitaez izan beharko dira ekitaldian, saria jasotzeko. Eta saria Komiki Azokan bertan erabiltzeko opari txeke bana izango da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!