Arratsalde honetan jokatuko da Buruz Burukoaren finala, Barrenetxearen azkena

Julen Borreguero Fernandorena

Pelota biziagoak bilatu zituen Barrenetxeak, Azpirozek berriz, baxuagoak.

Xabier Azpiroz uitziarra izango du aurkari Endika Barrenetxea hernaniarrak, Galarretan 16:30etan hasiko den jaialdiaren bigarren partiduan.

Arratsalde honetan jokatuko du Endika Barrenetxea erremontista hernaniarrak Buruz Buruko txapelketako finala. Xabier Azpiroz uitziarra izango du aurkari. Ligaxka fasean onena izan zen Azpiroz, eta horregatik sailkatu zen zuzenean finalera. Barrenetxeak, ordea, finalerdia jokatu behar izan zuen pasa den larunbatean, Juanenearen aurka (21-30 menderatu zuen hernaniarrak saldiastarra). Gaurko jaialdiak, gainera, finalaren aurretik zein ondoren ikuskizun partidu bana izango ditu, punta-puntako erremontisten parte hartzearekin: lehendabizi ariko dira Ezkurra IIa eta Zubiri goizuetarra, Aldaberen eta Larrañagaren kontra; eta final haundiaren ondoren, ariko dira Segurola eta Goikoetxea VIa, Jabalerak eta Aiestaran VIak osatuko duten bikotearen aurka.

Azkena den heinean, berezia ere bada Barrenetxearentzat

Endika Barrenetxea erremontista hernaniarra bere ibilbide profesionaleko azken txanpan dagoen honetan (urte amaieran erretiratuko da), Buruz Buruko txapelketaren azken finala izango da berarentzat, baita txapelketa honetako azken partidua ere, oro har; horregatik, berezitzat jo du partidua. 

Gainera, urduri edo obsesionatuta egon beharrean, Barrenetxeak adierazi du lasai dagoela, eta azken aste honetan disfrutatu egin duela bizi duen egoera hau: «Lehen obsesionatu egiten nintzen horrelako asteetan, entrenamenduekin eta dietarekin batez ere». 

Tira, normala izan daiteke urduri jartzetik urrun egotea, 17 urteko ibilbide baten ondoren eta erremonte modalitateko azken 10 txapelketetatik 7etan finalera iritsi ondoren.

Aurrean, Xabier Azpiroz

Gaurko aurkariaz ere mintzatu da Barrenetxea. Xabier Azpiroz uitziarra definitu du erremontista oso konpleto gisa: «Ez du puntu ahul nabaririk; sake ona du, goitik ondo doa, baita behetik ere, eta peloteoan ere sendoa da». Halere, puntu ahul gisa jo du Barrenetxeak, Azpirozen indarra; hau da, pelotari abiadura edota indarra emateko gaitasuna. Halere, partidu «estua eta zaila» izango dela aurreikusten du hernaniarrak, «peloteo haundikoa eta fisikoki exigentea». 

Esperotakoa, material kontutan

Asteartean izan ziren finalistak Galarretan, materiala aukeratzen. Ez zen ezustekorik izan, uitziarrak pelota baxuagoak aukeratu zituen, «hernaniarraren sake eta pelotakada potenteei aurre egiteko». Barrenetxeak, berriz, pelota biziagoak aukeratu zituen. Hernaniarrak aitortu du kostatu zitzaiola gustuko pelotak aurkitzea, «telebistan deigarriagoak diren pelota zuriak zeuden, makalagoak direnak. Erremonteko pelotak horixkagoak dira, horiek nahiago ditut».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!