Larunbatean jokatuko du Endika Barrenetxea hernaniarrak Buruz Burukoaren finala. Xabier Azpiroz uitziarra izango du aurkari, ligaxkan lehenengo postuan amaituta, finalera zuzenean pasa zena. Barrenetxeak finalerdia irabazi behar izan zuen, finalerako txartela lortzeko, Aritz Juanenearen kontra. Ligaxkan, hurrenez hurren bigarren eta hirugarren izan ziren heinean, finalerdian jokatu zuten finalerako txartela. Etzi Galarretan izango den jaialdian erabakiko da txapelduna, maila igotzen joan den Barrenetxearen eta maila harrigarria erakutsi duen Azpirozen artean.
5 sarrera bikoitz zozketatuko ditu Kronikak
5 sarrera bikoitz zozketatuko ditu Kronikak final haundirako, Kronikakide eta Doberako bazkideen artean, kronika.eus atariaren 'zozketak' atalaren bidez. Jaialdia hasiko da 16:30etan, eta finalaren aurretik zein ondoren izango du ikuskizun partidu bana, punta-puntako erremontisten partehartzearekin. Lehendabizi ariko dira Ezkurra IIa eta Zubiri goizuetarra, Aldaberen eta Larrañagaren kontra; eta final haundiaren ondoren, ariko dira Segurola eta Goikoetxea VIa, Jabaleraren eta Aiestaran VIaren aurka.