55 urtetik gorakoentzako oinezko futbol saioak antolatu ditu Udalak Zubipen, ostegun goizetan, 10:30etatik 12:00etara, 'Hekin' programaren baitan. Pasa den ostegunean izan zen lehen saioa, eta talde txiki bat batu zen. Sarrera modura balio izan zuen saioak, eta bertaratu zirenak gustora atera ziren, «monoa kenduta», baina gehiagorako gogoz. Lau saio izango dira guztira, eta azkenekoan Real Sociedad fundazioko jokalariak ere izango dira.
Antolakuntzatik jendea animatu nahi izan dute lotsak galtzera, kiroletako arropak janztera eta Zubipera jaistera. Pasa den ostegunean bertaratu zirenak, gainera, lagunak gonbidatuko zituztela esan zuten, beraz espero da gaurkoan talde itxurosoa batzea. Helburua da ondo pasatzea, kirola egitea eta sozializatzea. «Aukera polita da futbolean ibiliz goizpasak egiteko, eta gero pintxo bat jatera edota pote bat hartzera joateko, lagunartean partiduko jokaldien inguruan eztabaidatuz, besteak beste».