Bihar arratsaldean inauguratuko du Iosu González hernaniarrak 'Europa, modernitatearen amaiera' izeneko erakusketa, Biteri kultur etxean. Hiru astez egongo da ikusgai bertan, urriaren 20ra arte. 18:00etan izango da irekiera ekitaldia, solasaldi-topaketa batekin eta mokadutxoarekin, eta egileak herritar guztiak gonbidatu ditu bertaratzera.
Arte kontzeptuala da artista hernaniarrak landu duena, eta Arte Antropozenoaren baitan kokatu du: «Mugimendu artistiko garaikidea da, sormena ingurumen-kontzientziarekin eta naturarekiko errespetuarekin integratzen duena. Hainbat diziplina artistikoren bidez adierazten da, gizakiaren eta inguruaren arteko harremana birdefinitu nahian. Ikuspegi artistiko honek, edertasun estetikoa ez ezik, jasangarritasuna eta gizakiak planetan duen eraginari buruzko hausnarketa ere bilatzen ditu. Helburua da parekatzea haurrek, zentzumen-, emozio- eta funtzio-aniztasuna duten pertsonek, eta baita tximino haundiek ere egindako lanak, artista ospetsuek sortutako lanekin», azaldu du Iosu Gonzálezek.
Ez da aurreneko aldia, Europari buruzko erakusketa bat osatu duena. Berlingo harresiaren erorketa ardatz hartuta, 1990ean jarri zuen aurreneko erakusketa, 'Europa' izenekoa, Donostiako San Telmo museoan. Oraingoan, berriz, «Bigarren Mundu Gerrako gerraosteko adostasunaren hausturak» markatu du hernaniarraren erakusketa.
Askotariko obrak topatuko dituzte erakusketara bertaratzen direnek. Horien artean bada, esaterako, 'Hernani' izeneko eskultura bat, ondoko argazkian ikusi daitekeena. Horretan, alegoria bat egin nahi izan du Gonzálezek, islatuz kanpotik Orbegozora lanera etorritakoen eta bertako bizilagunen arteko uztarketa.