Hernaniko tokiko elikagaiak babestuko dituen marka aurkeztu zuten pasa den astelehenean (irailak 28) Udaleko eta Hernani Burujabeko Elikadura Mahaiko ordezkariek. Zehazki, Karabeleko baratzetan egindako aurkezpenean izan ziren Patxi Ibarguren Tokiko Garapeneko zinegotzia, Henaseko Kontxi Zubiondo, Herrilurreko Oihana Aristegi eta Bertatikeko Bidatz Barrenetxea.
'Hernanikua, jan eta bizi' deitzen da marka, eta bere gerizpean hartuko ditu Hernanikua baratzeak, Hernaniko ekoizleen produktuak, Nekazaritza Eskola, eta elikadura burujabetzaren zein elikaduraren sektorearen inguruko egitasmoak.
Baina, zer da zehazki Hernanikua? Eta zer suposatzen du? Aurkezpenean azaldu zuten bezala, «gure herriko elikaduraren nortasuna» izango da, «Hernaniko lehen sektorearen gaur egungo egoera eraldatu nahi duen estrategiaren marka». Helburua da bertako ekoizpena eta produktuak ezagutzera ematea eta duten balioa ematea, baita bertako produktu eta ekoizpen jasangarria indartzea ere. Funtsean, 'Hernanikua'k osatuko du eragileen arteko kate bat. Tokikotasuna ziurtatuko duen pegatina bat izango duten produktuak baserrietatik joango dira sukalde edo «transformazio guneetara», eta bertatik tokiko dendetara, jatetxeetara, etxeetara eta eskoletara.
Tokiko produktuen azoka, etzi
Etzi, bertako produktuen azoka antolatu du Henasek, Bakailu Astearen baitan (Plaza Berrin, 10:00-14:00). Bertan, Hernaniko produktuak 'Hernanikua' pegatinarekin markatuko dira. Gainera, 'Hernanikua'k bere postua izango du bertako produktuen azokan, eta markaren erosketa- poltsak banatuko dira.