Porrotarekin hasi du liga Hernanik, Getxoren kontrako derbian

Beñat Los Arcos Ayerdi

Trikoloreek 40-18 galdu zuten Faduran, atsedenaldira markagailuan aurretik iritsi arren (7-11).

Ez dio nahi bezain ondo ekin denboraldiari Hernanik, gizonezkoen Ohorezko Elite Mailari. Trikoloreek 40-18 galdu zuten Getxoren kontrako derbia, Faduran; eta punturik gabe bueltatu ziren etxera.

Atsedenalditik aurrera aldatu zen partidua erabat, hernaniarren kalterako. Izan ere, markagailuan aurretik zirela bukatu zuten aurreneko zatia (7-11), lanean oso serio aritu ondoren. Hasi eta bost minutura lortu zuen trikoloreen aurreneko entsaioa Ibon Gonzalezek, eta zigor kolpe bat gauzatu zuen Beñat Arizetak 19garren minutuan (0-8). Bi minutu beranduago murriztu zuen tartea Getxok, entsaioa lortu eta konbertsioa gauzatuta, baina lehenengo zatiko azkeneko jokaldian, bigarren zigor kolpe bat pasa zuen zutoinen artetik Arizetak.

Bigarren zatiaren hasiera, ordea, amesgaiztoa izan zen hernaniarrentzat. 13 minutuko tartean hiru entsaio lortu zituzten getxoztarrek, eta hirurak gauzatu zituzten, gainera. Horrela, konturatzerako 28-11 ari ziren galtzen hernaniarrak, bizkaitarren boladari ezin eutsi. 20 minuturen faltan murriztu zuten tartea, Xabier Garmendiak egin eta Arizetak gauzatutako entsaioarekin (28-18), baina ezin izan zuen berriro zulatu Getxoren defentsa. Azkeneko bost minutuetan lortu zituzten beste bi entsaio etxekoek, erasoko bonusa eta ligako lidertza eskuratzeko. Hernanik, berriz, azkeneko postuan hasi du denboraldia.

Horri buelta emateko, datorren asteburuan jokatuko dute estreinakoa etxean: Bartzelonaren kontra jokatuko dute igandean, eguerdiko 12:00etan hasita Landaren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!