Altsasun bukatu zen Eñaut Martikorenaren ibilbidea, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan. Hernaniarra seigarren izan zen larunbatean, eta bost bertsokideak nahiko gertu izan zituen arren ('Mantxi' bosgarrena, puntu erdira), aurrera egiteko aukerarik gabe geratu da. Izan ere, saioetako irabazleak alde batera utzita, une honetan 11garrena da puntuazioz, eta lehenengo 10ak soilik sailkatuko dira semifinaletara. Oier Etxeberria azpeitiarrak irabazi zuen saioa Altsasun, eta igandean Ane Labaka lasartearra nagusitu zen Lekeition.