Guatemalako eta Hondurasko ustelkeriaz hitzaldia etzi, KPFn

Beñat Los Arcos Ayerdi

Hondurasko kasua izango du hizpide Dalila Argueta ekintzaileak.

'Hernani Munduari Begira' zikloaren baitan, bertan izango dira Dalila Argueta eta Nelton Rivera, 18:00etan.

 

Ostegun honetan hasiko da 'Hernani Munduari Begira' zikloa; eta zehazki, Guatemalara eta Hondurasera begira jarriko dira etziko saioan, Kulturarteko Plaza Feministan, arratsaldeko 18:00etan hasita: batetik, Guatemalako El Estor eskualdeko «botere eta ustelkeria istorio iluna» azaleratuko du Neltor Rivera kazetariak, eta bestetik, Hondurasko Guapinol ibaiaren inguruan dagoen «legez kanpoko megaproiektua» izango du hizpide Dalila Argueta defendatzaile eta ekintzaileak. Mugarik Gabek, Hernaniko Udalak eta herriko Kooperazio Taldeak antolatu dute saioa.

Azaldu dutenez, Argueta eta Rivera «jazarpena eta kriminalizazioa» jasaten ari dira, «meatzaritzari, ustelkeriari eta ondasun naturalen estraktibismoan oinarritutako eredu bati aurre egiteagatik». Izan ere, aditzera eman dute «sare kriminal batek bultzatutako 'Fenix' nikel meategi erraldoia» dagoela Guatemalako El Estor eskualdean, «errusiar eta suitzar konglomeratuen kontrolpean dagoena eta gobernu ustel desberdinek babestua. Bertatik ateratako nikela Europan saldu izan da, aski ezagunak diren Suediako altzari denda erraldoietan, besteak beste». Hondurasko Guapinol ibaiaren babestutako lurraldean, berriz, «burdin meatzaritzan diharduen Inversiones Los Pinares megaproiektua ezarri zen legez kanpo, ibaia kutsatuz, eta bertako agintariekin batera indarkeriaz jokatuz, protesta egiten duen ororen aurka».

 

Erakusketa KPFn bertan, urriaren 13tik 30era

Mugarik Gaberen 'Bizitza Jokoan 2' kanpainaren baitan kokatu dute osteguneko solasaldia, eta horrekin lotuta, erakusketa ere jarriko dute Kulturarteko Plaza Feministan bertan, urriaren 13tik 30era. Zehazki, aipatutako bi kasuez gain, Mexikoko hirugarren bat ere ikertu dute kanpaina honetan, eta hiruen berri emango dute erakusketan, irudiekin eta datuekin.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!