Buruz Burukoaren finala jokatuko du Barrenetxeak

Julen Borreguero Fernandorena

Juanenea menderatu zuen finalerdian, 21-30, eta Azpiroz dauka esperoan finalean hernaniarrak.

Lortu du Endika Barrenetxea hernaniarrak finalerako txartela, erremonteko Buruz Burukoaren txapelketan. Aritz Juanenea saldiastarra menderatu zuen finalerdian, pasa den larunbatean Galarretan, 21-30, eta Xabier Azpiroz uitziarra izango du aurkari final haundian, larunbat honetan jokatuko dena, Galarretan. Ligaxkan bigarren onena izan zen Barrenetxea, eta beraz lehendabizikoak lortzen zuen finalerako txartela ezin izan zuen eskuratu ligaxkaren bidez, hori Azpirozek lortu baitzuen. Horrela, finalerdia jokatu behar izan zuen hirugarren sailkatua izan zen Juanenearen aurka. 

Partidu guztian zehar hernaniarra izan zen aurretik markagailuan, hasieratik amaierara. Hasieran berdintasun haundia izan zuen norgehiagokak; nahiz eta Barrenetxea aurretik izan, Juaneneak gertutik jarraitzen baitzuen erremontista hernaniarra une oro, pare bat tanto baino ez zeuden bi erremontisten artean. 

Partidua 12-13 zela, ordea, «konfiantzaz bete zen Barrenetxea», batez ere sakea erabiliz tantuak egiteko tresna gisa. Horrela, hernaniarra zeharo aldendu zen markagailuan, eta 13-24 jarri ziren (1-10eko partziala). Orduan iritsi zen Juanenearen erreakzioa, «baina berandu zen». 20-27 jartzeraino hurbildu zen saldiastarra, baina azkenean 21-30 amaitu zen norgehiagoka.

Esan daiteke Barrenetxeak sakea izan zuela konfiantza hartzeko eta tantoak egiteko tresna nagusia; izan ere, tanteoari dagokionez, hernaniarrak 16 tanto egin zituen peloteoan, eta saldiastarrak 15, baina sake bidez 12 tanto egitea lortu zuen Barrenetxeak; Juaneneak, berriz, 2 baino ez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!