Hiru ekimen eta HAzoka, Hitz Andanaren baitan

Julen Borreguero Fernandorena

Gozatzeko modukoak izan dira, HAzokaren aurreko urtetako edizioak.

Irailaren 30etik urriaren 3ra izango da, «liburu formatutik ateratzeko eta hitzaz beste era batzuetara gozatzeko».

 

Hitz Andana ekimena hemen dugu aurten ere, «hitzaren artea liburu formatutik ateratzeko eta hitzaz beste era batzuetara gozatzeko». Irailaren 30etik urriaren 2ra bitartean izango diren hiru emanaldirekin dator aurten, baita HAzokarekin ere, urriaren 3an. Hitz Andanaren baitan dauden emanaldi guztiak Biterin izango dira, arratsaldeko 19:00etan hasita, eta doan.

Hasteko, irailaren 30ean bertso saio literarioa eskainiko da. Haira Aizpurua, Sustrai Colina eta Alaia Martin ariko dira bertsotan, Itxaro Bordaren 'Euri zitalari esker' liburua abiapuntu hartuta, eta idazlea bera gai-jartzaile gisa ariko dela.

Urriaren 1ean, helduentzako ipuin kontaketa izango da, liburutegian. Bertan izango da Ixabel Agirresarobe, 'Erotik, berotik, zerotik' saioa zuzentzen. Urriaren 2an, berriz, Miren Agur Meabe poeta eta Ibon RG musikaria izango dira oholtzaren gainean, 'REC' izeneko poesia irakurraldi musikatua eskaintzen.

 

HAzoka, urriaren 3an

Hitz Andanarekin bukatzeko, Dobera Euskara Elkarteak urtero antolatzen duen HAzokaren (Hernaniko liburu eta disko azoka) seigarren edizioa izango da, Atsegindegin, goizeko 10:30etatik 13:30etara. Doinuele euskera hutsezko azoken sarean kokatzen da HAzoka. 

Doberatik adierazi dutenez, «euskerazko musikaz eta literaturaz gozatzeko gunea da». Eta izango dira bertan liburu postuak, liburu zein disko aurkezpenak, Karabelgo Konpartsa Txikia, familientzako tailerra, antzerkia eta Arbasoak taldearen kontzertua. Herriko sortzaileek izango dute haien espazioa, gainera; izan ere, 'Xor eta Beltz' ipuina aurkeztuko dute 11:15etan Ane Aierbek, Maialen Diaz de Ceriok eta Iñaki Sanz-Azkuek, eta 12:00etan horixe egingo dute Muxin eta Zapotxin pailazoek, haien disko berriarekin.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!