Berrikuntzekin dator, Bakailu Astearen 14garren edizioa

Julen Borreguero Fernandorena

Eragileetako kideak izan ziren aurkezpenean, Santa Barbara elkartean.

Pintxo lehiaketaren sari banaketa urriaren 17an izango da, Plaza Berrin, 'Topa! Sagardo Eguna' izeneko jarduera berezian.

 

Bakailu zaporea izango da nagusi Hernani datozen asteetan, bertan baitugu Bakailu Astearen 14garren edizioa. Pasa den ostiralean aurkeztu zuten aurtengoa, Santa Barbara elkartean, Patxi Ibarguren Tokiko Garapen zinegotziak, Berriak elkarteko lehendakari Nagore Alvarezek eta tabernen ordezkari David Estevezek, HENASEko Oihana Aristegik eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaile den Olatz Mitxelenak. 

Hasteko, datorren ostirale­an (urriak 2), pintxo lehiaketako epaimahai profesionalaren txanda izango da. Santa Barbara elkartean izango dira Aritz Ansola (Sansonategi jatetxea), Miren Lukas (Oa gozotegia), Eider Mendiola (Iturralde jatetxea) eta Aitor Zugasti (AZ gastronomia), aurtengo taberna partehartzaileek prestatutako pintxoak dastatzen. Orduan emango dute haien bozka epaimahaiko kideek, baina irabazlea ez da jakinaraziko urriaren 17ko sari banaketara arte. 

Halaber, urriaren 2an ere, 10:00etatik 14:00etara, bertako produktuen azoka izango da Plaza Berrin (euria egingo balu, Atsegindegin), HENASEren eskutik. Pasa den urtean, Merkataritza Festaren gaia elikadura zelako, horren bueltan antolatu zuten azoka berezi hau. Aurtengoan Bakailu Astean txertatzea erabaki dute; horrenbestez, esnekiak, haragia, sagarrak, ogiak eta horrelakoak izango dituzten 17-18 postu inguru egon ez ezik, Bakailu Asteko pintxoak eskaniko dituen postua ere izango da. 

Urriaren 5ean hasiko da pin­­txo lehiaketa herrikoia, 26 establezimenduren parte-hartzearekin. Pintxoak 2,5 euroan salduko dira, eta bozka emateko aukera izango da online (urriaren 16ra arte) eta paperen bidez (urriaren 15era arte). Bitartean, urriaren 6an, 8an, 13an eta 15ean Pil-pil kaleetan zehar ibiliko da. Bakailu Asteko maskotarekin argazki bat aterata, eta 676 194 803 zenbakira bidalita, produktu sorta baten zozketan parte hartzeko aukera dago. 

Bestalde, 'Non dago Pil-pil' jolasa ere martxan izango da lehiaketa herrikoiarekin batera: «Paper bana egongo da taberna parte-hartzaileetan, zeinetan Pil-pil aurkitu beharko den; baina horietako hirutan baino ez da izango Pil-pil. Beraz, aurkitzen duenak jasoko du txartel bana, eta hiru txartelak lortzerakoan Berriakeko bulegora joan eta oparitxo bat jasoko du». 

Bozkatzeko azken eguna izango denean, urriaren 16an alegia, kale animazioa ere izango da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. EuskOrleans Dixie Band izango da kalejiran, eta Zinkoenea tabernako mendeurrena dela eta, bertatik abiatuko dute kale animazioa.

 

'Topa! Sagardo Eguna', aurtengo berrikuntza 

Aurtengoa borobiltzeko, berrikuntza esanguratsua erantsi diote egitarauari. 'Topa! Sagardo Eguna' antolatu dute, urriaren 17an Plaza Berrin. 11:30etatik 14:30etara Hernaniko hainbat sagardotegik eta tabernek «bikoteak osatuko dituzte, eta bakailua abiapuntu hartuta, pintxo bereziak eskainiko dituzte». 8 euroan salduko dituzte edalontziak (horietatik 2 bueltatuko dira edalontzia bueltatuz gero), eta pintxoak 2,5 euroan (12 euro ordainduta, 6 pintxo).

Honako sagardotegiek hartuko dute parte ekimenean: Alberro, Altzueta, Goiko Lastola, Iparragirre, Itxas-buru, Olaizola, Rufino eta Zelaia. Eta parte hartuko duten tabernak izango dira Andrekale 21, Aralar, Guria, Harresi, Kixkal eta Tripontzi. Horrela, festa giroan murgilduta, sari banaketari ekingo zaio, eguerdiko 12:00etan Plaza Berrin (euriarekin, Atsegindegin).  

 

 

HERNANIKO BAKAILU ASTEA

EGITARAU OSOA

URRIAK 2, ostirala

10:00-14:00, Bertako produktuen azoka, Plaza Berrin (euria eginez gero, Atsegindegin).

10:30, Pintxo lehiaketa epaimahai profesionalarekin, Santa Barbara elkartean.

URRIAK 5-16

Tabernen arteko bakailu pintxo lehiaketa herrikoia.

URRIAK 6, 8, 13 eta 15

Pil-pil kalean.

URRIAK 16, ostirala

19:00, EuskOrleans Dixie Band, Zinkoenea tabernatik hasita.

URRIAK 17, Larunbata

11:30-14:30, 'TOPA! Hernani'. Sagardo eguna: Sagardo dastaketa, herriko tabernen pintxo bereziekin eta musikarekin batera, Plaza Berrin (euria eginez gero, Atsegindegin).

12:00, Bakailu Asteko sari banaketa, Plaza Berrin (euria eginez gero, Atsegindegin).

 

PINTXO LEHIAKETA

26 TABERNA PARTE HARTZAILEAK

 

Aieko

Andrekale 21

Apeadero

Aralar

Axular

Café Arri

Dori

Errioguarda

Garin

Goiz Argi

Goiz Eguzki

Gunea

Guria

Harresi

Horbel

Joxe Mari

Karrero

Kixkal

Latxunbe

Rioja

Tamer

Tripontzi

Txili

Txoko

Zinkoenea

Zumardi

 
 
 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!