Buruz Burukoaren finalerdia jokatuko du gaur Endika Barrenetxea hernaniarrak, Galarretan, 15:15etan hasiko den jaialdian. Bigarren izan zen ligaxkan hernaniarra, eta Aritz Juanenea saldiastarra izango du kontrario, hirugarrena izan zena ligaxkako sailkapenean. Finalean izango dute esperoan ligaxkako liderra, Xabier Azpiroz uitziarra.
«Partidu zaila» izango dela ziur dago Barrenetxea; Juaneneak berea emango duela dio hernaniarrak, eta berak ere hala egingo duela. Saldiastarra, gainera, pelota aukeraketaren egunean bertan hasi zen partidua jokatzen. Pelotarik probatu gabe egin zuen aukeraketa Juaneneak, Barrenetxearen aburuz, «desegonkortasuna sortzeko»; izan ere, hernaniarra joango da jokatzera peloten erdiak nolakoak diren ezagutu gabe. Saldiastarrak ere ez daki nola jokatuko duten pelotek, baina behintzat gertutik ikusi eta ikutu ditu.
Hala eta guztiz ere, Barrenetxeak prest ikusten du bere burua norgehiagokarako. Dioenez, txapelketan bere maila igotzen joan da, konfiantza aldetik zein arlo fisikoan. Horrela, partidura «maila onean» iritsiko dela aurreikusten du hernaniarrak. Berezia da gainera txapelketa Urumeako erremontistarentzat, urteko txapelketarik politena izan ez ezik, Oriamendik antolatutako azkenekoa izango delako. Gainera, pasa den urtean finalera iritsi arte torneo perfektua egin zuen Barrenetxeak, partidu guztietan nagusi izanda, eta finalean egin zuen kale; oraingoan, esan bezala, alderantziz izan daiteke, bere «maila hobetuz» joan baita.