Ikasturte osoan zehar, Haziera Taldeak

Julen Borreguero Fernandorena

Berrikuntzekin datoz gainera ikasturte honetan, haurdunen taldea adibidez.

 

Haziera Taldeak aurten ere martxan jarriko dira Hernanin, 0-5 urte arteko haurrak dituzten familientzat. «Iazko harrera ona ikusita», berrikuntzak eskainiko ditu Udaleko Haurren sailak. Haziera Taldeak dira «haurren garapena ulertu, emozioak eta lotura afektiboak zaindu, eta erronkei aurre egiteko trebetasunak garatzeko guneak».

Eta haurdunentzako taldea ere osatuko da aurten. Horrela, honako lau taldeak izango dira guztira: haurdunena (18:00-19:45 bitartean), 0-1 urteko haurren familiena (16:00-17:45 bitartean), 1-2koena (16:00-17:45 bitartean) eta 3-5ekoena (18:00-19:45). Astelehenez izango dira saio guztiak. Lehenengo bi taldeak elkartuko dira 15 egunean behin (lehendabiziko saioa urriaren 5ean), eta beste biak hilean behin (lehendabizikoa urriaren 19an). Familia Gunean elkartuko dira (Gartzia Goldaratz, 7), eta Julene Armendariz izango dute bidelagun. 

Izenematea zabalik izango da urriaren 1era arte, eta izenaeman.hernani.eus webgunean egin behar da. Taldeek zortzi familiako kopuru mugatua dutenez, betez gero itxaron zerrendak osatuko dira.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!