Amher SOS Arrazakeriak antolatzen duen 'Eskola antiarrazista' martxan da. Médicos del Mundo Euskadirekin lankidetzan aurrera ateratako proiektua da, eta hiru saio eskainiko ditu udazken honetan, Kulturarteko Plaza Feministan denak, 18:00etatik 20:00etara. Helburua da «arrazakeria eusten duten egiturazko ardatzak ezagutaraztea, eta horiei aurre egin ahal izateko estrategiak elkarrekin pentsatzea». Bestalde, antolatzaileek diotenez, «gorroto diskurtsoen gorakadaren une honetan, beharrezkotzat eta ezinbestekotzat» jotzen dute prestakuntza hau.
Astelehenean bertan izango da lehendabiziko saioa, irailaren 28an alegia. 'Bakardade sozial eta estrukturalari aurre eginez' izena du, gaztelaniaz izango da eta Ainhoa Nadia Douhaibi gizarte hezitaile, ikertzaile eta idazleak zuzenduko du.
Hurrengoa izango da urriaren 26an, Julene Samuel Ipua formatzailearekin. Euskeraz izango da (itzulpena behar izanez gero izenematean adierazi behar da), eta izena du 'Intersekxionalitatea eta Osasuna. Isolamenduak emakumeengan, LGTBIQ+ pertsonengan eta arrazializatutako gazteengan duen eragin espezifikoa'.
Azkenik, azaroaren 23an Jatou Fallek gidatutako saioa eskainiko da. Gaztelaniaz izango da, eta izena du 'Eragin politikoa feminismoetatik. Gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartze inklusibo baterako proposamenak'.
Izena eman behar da saioetara joateko, baina ez da beharrezkoa guztietara joatea; eman daiteke izena batean bakarrik, nahi izanez gero. Izema emateko, mezua bidali behar da WhatsAppetik (650 294 390) edo amher.elkartea@amher.eus helbide elektronikora.