Hernaniko Gazte Sortzaileen Laborategia jarriko da martxan, eta urriaren 2tik azaroaren 27ra arte iraungo du. Herriko 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei «kultur politiketan tokia egiteko prozesua» izango da.
Pasa den asteazkenean aurkeztu zuten egitasmoa Aitor Lukas Gazteria zinegotziak, Xaxaka parte-hartze elkarteko Laia Etxandik, eta Artaziak kooperatibako Ana Revueltak. Azaldu zutenez, helburuak lau dira: «herriko nerabeen kezkak, aldarrikapenak, gogoak eta desioak entzutea; haien arteko zein herriko kultur praktika eta ekimenekiko harremanak sortzea; nerabeen emantzipazioa, autokudeaketa eta autoantolaketa sustatzea; eta sormenari bidea ematea».
Horrela, urriaren 2an hasita eta azaroaren 27ra bitartean, lau esperimentazio saio (laborategiak) burutuko dituzte gazte sortzaileek, eta Laia Etxandi bera izango dute bidelagun. Lehenengoa 'Elkartu' deituko da, eta Aristizabal 7an elkartuko dira nerabeak, plazako banku bat apaintzeko (urriak 2). Bigarrengoa urriaren 23an izango da, eta 'Barruan' izena du; Biterin gaua pasatzea da proposamena. Hirugarrena, berriz, 'Kanpoan' izango da, eta honetan «kultur proposamenak paseora» aterako dituzte. Eta azkeneko saioa 'Zabaldu' izendatu dute; izan ere, egindakoa zabalduko eta kontatuko dute saio honetan.
Aurkezpenean azaldu zuten bezala, prozesuak «esperimentaziotik asko izango du; horregatik jarri diogu 'laborategi' izena. Eta ez du helmuga zehatzik, bidea elkarrekin egingo dugu, elkar ezagutuz eta esperimentatuz». Parte hartu nahi duenak, Gazteria sailarekin harremanetan jarri baino ez du egin behar, WhatsApp (605 715 607) edo Instagram (@hernanigazteria) bidez mezua bidalita.