Gaur hasi eta bihar bukatuko dira Karabelgo Jaiak, eta egitarau potentearekin datoz gainera

Julen Borreguero Fernandorena

Urumea ibaian barrena iritsi zen Belki, iazko jaiei hasiera ematera.

Gaur arratsaldean emango diete hasiera jaiei, eta gauera arte luzatuko da festa giroa; altxorraren bila, danborrada, eta zezensuzkoa izango dira protagonista gaurkoan, besteak beste. 

 

Irrikitan izango dira Karabelen, aurtengo jaiak hasteko. Gaur hasi eta bihar bukatuko dira, eta itxuraz laburrak izango dira, baina egitarau potentearekin datoz. 17:00etan emango diote hasiera ospakizunari, Karabelgo Konpartsa Txikiarekin, Belkirekin eta Hernaniko Musika Banda Gaztearekin. Jarraian, Belki izango da altxorraren bilan ere, eta haurrentzako jolasak ere izango dira. Bitartean, txarangaren doinuek girotuko dute auzoa, eta ondoren Karabelgo danborradak. 20:00etan bokatak eta animazioa izango dira txosnan, eta gaua borobiltzeko, zezensuzkoaren aurretik, Andoni DJak jarriko du musika.

Eta gaurkoa norbaiti bizia iruditu bazaio, biharkoa berdina izango da, baina egun osoan zehar. 10:00etan ariko da Karabelgo Konpartsa Txikiak osatutako diana, auzoa esnatzen. Eta jaikitzen denari mereziko dio, hamaika jarduera baitaude gozatzeko, adin tarte guztietako jendearentzat: sagardo dastaketa, puzgarriak eta helduentzako jokoak goizean; apar festa, Apaxiren emanaldia eta arrautzen jokoa arratsaldean; eta Naruren zein Sutargi erromeriaren kontzertuak gauean.

 

KARABELGO JAIAK 2026

GAUR, ostirala

17:00, Jaien hasiera Karabelgo Konpartsa Txikia eta Belkirekin, Banda Gaztearen laguntzaz.

17:45, Altxorraren bila Belkirekin (6-12 urte), Tirolinaren parkean; eta haurrentzako jolasak, parkean.

18:00, Txaranga.

19:00, Karabelgo danborrada.

20:00, Bokatak eta animazioa.

21:00, Andoni DJ eta Zezensuzkoa.

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!