Lagunarteko kontuak atzean utzi, eta lehia bizi-biziari ekingo dio Hernanik, asteburu honetan. Trikoloreek bihar jokatuko dute Ohorezko Elite Mailako estreinako partidua, eta are bereziagoa izango da, derbia tokatu zaielako hasteko: Getxoren kontra ariko dira, Faduran, arratsaldeko 17:30etan hasita.
«Gogotsu gaude, behingoz Faduran irabazteko, baina badakigu partidu gogorra izango dela», dio Anartz Elosegik: «Igo berria da Getxo, baina aurreko denboraldian talde indartsua osatu zuen igoera lortzeko, eta mantendu egin du aurten. Etxean ondo jokatzen dute, eta zaila izango da, baina liga derbi batekin hastea beti da emozionantea».
Aurreneko puntuak pilatzen hasi nahi dute trikoloreek, denboraldiko helburu nagusiari begira: «Aurreneko helburua da mailari eustea, eta horretarako etxeko partiduetan lortu behar dugu ahalik eta puntu gehien, baina kanpoan ere puntutxo batzuk pilatzen joan». Ez dute erronka haundiagorik baztertu nahi, ordea, eta badute ilusio hori: «Joan den urtean emandako mailak, bereziki aurreneko itzulian, erakutsi digu gai izan gaitezkeela aurreneko lau postuetan sartzeko lehian aritzeko, semifinalak jokatzeko. Edonola ere, maila honetan taldeak asko aldatzen dira urtez urte, eta ikusi beharko dugu aurten nola dauden kontrarioak».
Eta edozein erronka lortzeko, noski, zaleen babesa beharko dute: «Badakigu urtero bezala gure ondoan izango ditugula partiduz partidu. Guretzako laguntza haundia dira, bereziki etxeko partiduetan behar ditugun puntuak pilatzeko».