Martikorenak Altsasun hasiko du txapelketa, etzi

Beñat Los Arcos Ayerdi

Iritsi da bailarako bertsolarien txanda, Euskal Herriko Txapelketan; eta Eñaut Martikorena hernaniarra izango da oholtzara igotzen aurrenekoa: Altsasun ariko da larunbat honetan, 17:00etan Burunda frontoian. Kantukide izango ditu Eneko Araiztegi, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor 'Mantxi', Oier Etxeberria eta Txaber Altube, eta gai-jartzaile Maialen Belarra. Epaileen artean ere izango da hernaniarrik: puntuazioak jartzen ariko da Bakarne Urreaga, eta ordezko gisa Estitxu Agirre. Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian: helduek 14 euroan, Bertsozale Elkarteko bazkideek 12 euroan, eta 6-18 urtekoek 8 euroan. Hazparnen hasi zen txapelketa joan den astean, eta Miren Artetxe nagusitu zen. Hirugarren saioa ere asteburu honetan bertan jokatuko da, igandean Lekeition.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!