Batuz Gizarte Fundazioaren Hernaniko dendak (Latsunbe, 10) 'Biziberritu zure jantziak' ekimena hartuko du bihar. Moda zirkularreko sormen jardunaldia izango da, ehungintzako sorkuntza, konponketa, berrerabilera eta birziklapena uztartuko dituena. 09:00etatik 12:30etara, AEG Ikastetxeko Patroigintza eta Modako Goi Mailako Heziketa Zikloko 12 ikaslek «sormen-erronka bati egingo diote aurre»: % 100 zirkularra izango den bilduma bat sortzen hasiko dira, Batuzetik datozen ehun-hondakinak eta berreskuratutako beste material batzuk erabiliz.
Ekimenaren helburua da «joskintza eta ehungintzako eraldaketa herritarrengana hurbiltzea, dendako konponketa-gune iraunkorra ezagutaraztea eta ekonomia zirkularraren katean jantzien eta materialen bizitza erabilgarria luzatzearen garrantziaz sentsibilizatzea». Ikasleek aldez aurretik jakingo dute zein diseinuren gainean egin beharko duten lan, baina ez dute jakingo zer ehun eta material izango dituzten eskura. Hor erronka!