'Zurekin Tribu!' egitasmoaren lehen saioa larunbat honetan izango da

Julen Borreguero Fernandorena

Arraunean aritu ziren maiatzean, Hernaniko Arraun Elkartearen laguntzarekin.

2026-2027 ikasturteko lehendabizikoa izango da, eta hilabeteroko azkeneko larunbatean egingo dituzte saioak.

 

Ikasturte berriaren hasierarekin batera, 'Zurekin Tribu!' egitasmoaren lehendabiziko larunbata ere iritsi zaigu. Irailetik maiatzera bitartean, hilabeteroko azkeneko larunbatetan antolatzen ditu Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak saio hauek, euskera hutsean direnak. 

4 eta 7 urte bitarteko haurrak (2019, 2020, 2021 eta 2022 urteetan jaiotakoak) dituzten familiei dago zuzenduta, eta helburua da familietan euskeraren transmisioa indartzea: «Etxeko helduak eredu eta erreferente diren heinean, euskeraren erabilera eta hizkuntza-ohituren transmisioa sustatzeko espazio eta aukerak sortzea du helburu, baita horien inguruan hausnartzeko tarteak eskaintzea ere», diote antolatzaileek.

Izena eman daiteke, dobera.eus/tribu webgunean. Doakoa da, eta beharrezkoa parte hartzeko. Izena ematen dutenak WhatsAppeko komunitatean sartuko dira, eta bertatik jasoko dituzte ekintzetarako gonbidapenak (telefono zenbakiak ez dira komunitateko beste kideekin partekatuko). Jada 35 familiatik gora dira 'tribu'an. 

Mota guztietako ekintzak

Hilabetero ekintza ezberdinak proposatzen dituzte Doberatik. Orain arte, besteak beste, antolatu dituzte honakoak: Euskal dantzak, Ttarlakoekin; 'uretara!' Arraun Elkartearekin; 'Zientziarekin ikasten eta jolasten'; edota mendi buelta eta Agerre baserrira bisita. Saioak gidatzen dituzte Doberako bi begiralek. Hala ere, ekintza batzuetan gaiaren inguruko aditu zein eragileek ere parte hartzen dute.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!