Bihar izango da Hernaniko hainbat eragileren topagune izango den eremu berriaren irekiera zein aurkezpena, lehen Arriatzu dendarena zen lokalean (Zapa kalea, 41), arratsaldeko 18:00etan. Aurkezpenarekin batera, gainera, hainbat gauza emango dituzte ezagutzera, hala nola elkarguneak izango duen izena nahiz itxura. Atzora arte zuten herritarrek izenik proposatzeko aukera, eta biharko ekitaldian erabakiko da behin betikoa. Barrutik izango duena ere sekretupean mantendu nahi izan dute, biharkoan jakinmina haundiagoa izan dadin.
Hernani Burujabeko Bidea herritar taldeko kideek Kronikari azaldu bezala, elkargune hau osatzearen arrazoia da Hernanin eragile mordoa dagoela martxan, bakoitza bere egoitzarekin, baina egoitza bateratu baten beharra somatzen zen: «Ikusita gaur egun ditugun erronkak, beharrezkoa ikusten genuen elkar elikatzea, aliantzak zein sinergiak sortzea, eta suertatu zitzaigun lokal hau erabiltzeko aukera. Ikusi genuen une aproposa zela elkargunea osatzeko. Egia da Hernanin eragileen erabilerarako espazioak ez direla falta, baina bai falta zen espazio autogestionatu bat, balioko duena denen arteko batzarrak egiteko, besteak beste».
Orduan hasi ziren eragileei elkargunearen parte izateko gonbitea luzatzen. Askok interesgarritzat jo zuten aukera, eta hori ikusita elkargunea eratzeko prozesua hasi zen. Tokiaren estrategikotasuna ere balioan jarri dute Bideako kideek; izan ere, hainbat eragilerentzat baliagarria izango da elkargunea, Kaxkoan duten presentzia areagotzeko. Hernani Burujabeko hainbat eragile dira horren adibide, elkargunearen parte izango direnak, besteak beste Kaxkoan duten presentzia hori indartzeko.
Printzipioz, azaldu dutenez, bi dimentsio izango ditu lokalak. Alde batetik, azpiegiturak eragileen barne bileretarako balioko du. Eta bestetik, «kalera begirako programazioko» funtzioak beteko ditu; adibidez, eragileren batek edo batzuek ekitaldiren bat antolatzen dutenean, lokala erabili ahal izango dute egoitza gisa.
Eragileentzako espazioa soilik ez da izango, beraz, Zapa kaleko 41garren zenbakiko lokala. Eragileek antolatutako ekitaldietan parte hartzeko bertaratu ahal izango dira herritarrak. Biharko inaugurazioa da horren erakusle; Bideako kideek herritarrei bertaratzeko gonbitea luzatu ez ezik, liburu bat eramateko eskaera ere egin diete. Gauza da liburutegitxo moduko bat osatzeko ideia dutela, herritarrek eramandako liburuekin. Horrela, lokala herritarren erabilerarako espazio bilakatzeko beste modu bat ere izango da hori; herritarrak bertaratu ahal izango dira elkargunera, liburu bat aukeratu eta lasaitasunez exeri eta irakurri.
Modu horretan, Hernaniko eragileek biharkoan bidea hasiko dutela diote Hernani Burujabeko Bidea herritar taldetik: «Oinarriak, nahiak eta beharrak badaude, eta bidea eginez joango gara pixkanaka, hasieran probatuz ere joango gara».