Ostiral nahiz larunbat honetan ospatuko dituzte Karabelgo Jaiak

Julen Borreguero Fernandorena

Iazko jaien hasieran ere izan ziren, Belki eta Hernaniko Musika Banda Gaztea.

Laburrak baina biziak izango dira; izan ere, goiz, arratsalde zein gauez izango da zer egin Karabelen.

 

Badatoz Karabelgo Jaiak, egitarau laburrarekin, baina oso biziarekin. Ostiralean eta larunbatean ospatuko dira, baina hamaika jarduera izango dira Karabelen bi egun horietan, adin guztietako jendearentzat aproposak, eta egunean zein gauean zehar izango direnak.

Arratsaldeko 17:00etan emango diete hasiera festei, musika protagonista izanda. Karabelgo Konpartsa Txikiak eta Belkik izango dute jaiak irekitzeko ohorea, eta Hernaniko Gazte Bandak girotuko du unea. Altxorraren bila, txaranga, danborrada eta zezensuzkoa ere izango dira, lehendabiziko egun hau borobiltzeko.

Larunbatean ere egiteko piloa izango da Karabelen, haurrentzako jarduerekin eta helduentzako (+65) jokoekin, baita sagardo dastaketarekin ere. 'Paella erraldoia' izango dute bazkaltzeko, eta bazkalostean bingoaz zein Apaxiren emanaldiaz gozatuko dute. Arratsaldean txokolatada eta arrautzen jokoa izango dira, eta Sutargi erromeria taldea izango da jaiak borobiltzearen arduraduna.

 

KARABELGO JAIAK 2026

EGITARAU OSOA

IRAILAK 25, Ostirala

17:00, Jaien hasiera Karabelgo Konpartsa Txikia eta Belkirekin, Hernaniko Bandak girotuta.

17:45, Altxorraren bila Belkirekin (6-12 urte), Tirolinaren parkean; eta haurren jolasak, parkean.

18:00, Txaranga.

19:00, Karabelgo danborrada.

20:00, Bokatak eta animazioa.

21:00, Andoni DJ.

Ondoren, Zezensuzkoa.

IRAILAK 26, Larunbata

10:00, Diana, Karabelgo Konpartsa Txikiarekin.

10:30, Aurpegi margoketa; laten jokoa; eta helduentzako jokoak (+65).

11:00, Puzgarriak.

11:30, Sagardo dastaketa eta toka txapelketa.

12:00, Buruhaundiak eta patata tortilla zein bizkotxo lehiaketa.

14:00, 'Paella erraldoia' bazkari herrikoia.

15:30, Bingoa.

15:45, Apaxiren emanaldia.

17:00, Apar festa, tirolinaren parkean.

18:00, Txokolatada.

19:00, Arrautzen jokoa, tirolinaren parkean.

20:00, Bokatak eta sarien zozketak.

Ondoren, Naruren kontzertua.

 

22:00, Sutargi erromeria.

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!