Nobedade askorekin bueltatuko dira Hekin Egunak, irailetik azarora

Beñat Los Arcos Ayerdi

Oinezko futbolaren antolaketan aritu diren eragileen ordezkariak, Zubipen.

Ostegun honetan hasiko dira, oinezko futbolarekin eta 'Abiatzen garenean...' izeneko saioarekin.

 

Bueltan dira Hekin Egunak, bigarren edizioarekin, irailetik azarora bitarte. Eta nobedade asko ekarriko dituzte, gainera. Horietako bi, ostegun honetan bertan izango dira. Batetik, 'Abiatzen garenean...' izeneko saioa gidatuko du Igone Mariezkurrenak, eta espazio bat izango da gogoeta egiteko eta eztabaidatzeko «emakumeek bidaiatzerakoan bizitzen dituzten egoerei, zalantzei, mugei eta aukerei buruz». Izan ere, emakumeen jarduera fisikoa eta ongizatea sustatzea da Hekin Egunen helburuetako bat, eta izango da beste jarduera bat ere horrekin lotuta: perimenopausia eta menopausia lantzeko zikloa, azaroan. Horretarako, aurrez apuntatu behar da, izenaeman.hernani.eus webgunean.

Ostegun honetako beste nobedadea, oinezko futbola izango da, Udalak, CD Hernanik eta Real Sociedad Fundazioak elkarlanean martxan jarri dutena, 55 urtetik gorakoentzat: «Oinez jokatzen da, kontaktua saihestuz eta baloia bularraren gainetik altxa gabe». Lau saio egingo dituzte Zubipen, datozen lau ostegunetan, goizeko 10:30etan hasita.

Haurrentzat eta kirolari federatuentzat ere antolatu dituzte hainbat saio, Hekin Egunen bigarren edizio honen baitan.

 

HEKIN EGUNAK

Irailak 24 eta urriak 1, 8 eta 15, Oinezko futbola (ate irekiak), 10:30etan Zubipen. 55 urtetik gorakoentzat.

Irailak 24, 'Abiatzen garenean...', 18:30etan Kulturarteko Plaza Feministan. Igone Mariezkurrenaren eskutik.

Irailak 26, urriak 17 eta azaroak 28, Ur ludoteka, 10:30etan kiroldegian. 10 urtetik gorakoentzat.

Urriak 7, 14, 21, 28 eta azaroak 4, 11, 18 eta 25, Ttapa-Ttapa, 10:30etan Atsegindegin. 60 urtetik gorakoentzat.

Azaroak 4, 11, 18 eta 25, Peri/menopausia mugimendutik, 18:30etan kiroldegian. 35 urtetik gorakoentzat. Aforo mugatua, izena eman behar da.

Azaroak 21 eta 28, Kirol lesioen prebentziorako tailerra, 10:00etan kiroldegian. Aforo mugatua, izena eman behar da.

 

 

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!