Datorren astean hasiko dituzte Elizatxotik Kaxkorako igogailua eraikitzeko obrak

Beñat Los Arcos Ayerdi

Igogailua eta inguruak hartuko duen itxura, Udalak zabaldutako irudian.

18 hilabeteko iraupena izango dute, eta lanak bukatutakoan ekingo diote Goiz Eguzkiko eremua berritzeari, inguruko espazioa hobetzeko.

 

Hastear dira Elizatxo eta Portu auzoak Kaxkoarekin lotzeko igogailuaren obrak. Datorren as­telehenean jarriko dituzte martxan, irailaren 28an, eta 18 hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute. Goiz Eguzki jubilatuen egoitzaren ondoan eraikiko dute, pasabide batekin eta eskailerekin batera.

Hernaniko Udalak adierazi du «pauso garrantzitsua» izango dela herriko mugikortasunerako, eta «irisgarritasunerako aukera berriak» eskainiko dituela. Izan ere, nabarmendu du horrek hobetuko duela «auzoen eta hirigune historikoaren arteko konexioa», eta erraztuko dituela «herritarren eguneroko joan-etorriak», Elizatxoko, Portuko eta Osiñagako auzotarrentzat. «Auzoetako bizilagunek hainbatetan helarazi digute herrigunearekin duten lotura hobetzeko beharra, bereziki Kaxkora iristeko dauden desnibelak eta irisgarritasun zailtasunak gainditzeko. Eta aldarrikapen horien baitan, igogailua izan da urteetan auzokideek babestu duten aukeretako bat», azaldu du Udalak, obren hasieraren berri ematearekin batera.

Igogailuaren eta pasabidearen obrak bukatutakoan, Goiz Eguzkiko eremua berritzeari ekingo diote, aurreratu dutenez. «Horrela, lotura berria ez ezik, inguruko espazioaren hobekuntza ere jasoko du esku hartzeak». 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!