Finalerdia jokatu behar izango du, Barrenetxeak

Julen Borreguero Fernandorena

Pasa den larunbateko jaialdian erabaki zen erremonteko Buruz Burukoaren ligaxkako sailkapenaren ordena. 

 

Pasa den larunbatean jokatu zen erremonteko Eusko Label Buruz Buruko Txapelketaren ligaxka faseko azken partidua. Azpirozek Ezkurra menderatu zuen, 30-24. Emaitza honekin, Ezkurra txapelketatik kanpora gelditu zen; aldi berean, Azpirozek sailkapeneko lehen postuan amaitu zuen, eta txapelketako finalerako txartela zuen. 

Eta horrenbestez, larunbatera arte lehen postuan zegoen Endika Barrenetxea hernaniarrak finalerdia jokatu behar izango du, Juanenearen aurka, bigarren eta hirugarren amaitu baitute ligaxkan, hurrenez hurren. Barrenetxeak, lehen postuan amaitzeko, behar zuen Azpirozek 27 tanto baino gutxiago egitea, baina ez zen hala suertatu, eta larunbat honetako jaialdian ahaleginduko da finaleko txartela lortzen.

Bere aurkari izango den Juaneneak ere pasa den larunbateko partidua arretaz jarraitu zuen; izan ere, Ezkurraren garaipenak suposatzen zuen Juanenea txapelketatik kanpo geratzea. Gainera, jaialdian parte hartu zuen uitziarrak; izan ere, Azpirozen eta Ezkurraren norgehiagokaren aurretik, binakako lagunartekoa jokatu zuen Segurolarekin batera, Barrenetxearen eta Aritz Zubiri goizuetarraren aurka. Estua izan zen emaitza oso, 30-29, aizarnazabaltarrak eta uitziarrak osatutako bikotearen alde.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!