Mundialak izan dira aurtengo Hernaniko Euskal Jaiak. Ostegunean giro ederra sortu zen Zinkoenea tabernaren kanpoaldean, haren mendeurrena ospatzeko, ez baitira egunero betetzen 100 urte... Ostiralean Bretainiako eta Euskal Herriko kultura elkartu ziren, dantza eta musika emanaldi polit batean; erremonteak ere ez zuen huts egin, bailarako erremontisten partehartzearekin gainera.
Egun potoloa bizi genuen atzo, Euskal Jai eguna izan baitzen. Herritarrek, eta ondoko herrietatik etorritakoek, euskal jantziak atera zituzten kalera, eta egun zein gau osoko egitarau apartaz gozatu zuten.
Eta albiste onena zera da, oraindik ez direla amaitu, gaurkoan zer gozatua badagoela oraindik Hernanin. Goizeko 09:00etan, dianak herria esnatuko du, 10:00etan Plaza Berrin izango den 45garren Pablo Lasa Artisau Azokarako. Eguerdi partean pelota partiduak izango dira Tilosetan, palaz zein eskuz: eta giro ederra sortuko da 12:30etan Plaza Berrin izango den trikitixa jaialdian. Eta aurtengoei agur esateko, Atsegindegin, Niko Etxart eta Hapa-Haparen kontzertua izango da.
HERNANIKO EUSKAL JAIAK
GAUR, igandea
09:00, Diana.
10:00, 45garren Pablo Lasa Artisau Azoka, Plaza Berrin.
12:00, Esku pelota eta pala partiduak, Tilosetan.
12:30, Trikitixa, Plaza Berrin.
19:00, Niko Etxart eta Hapa-Hapa taldearen kontzertua, Atsegindegin.