Sekulako egitaraua prestatu dute aurtengoan ere Hernanin, Euskal Jaiak behar bezala ospatzeko. Ostegunean eta atzokoan izan ziren jarduerak herrian, hala nola sagardo dastaketa zein Zinkoenea tabernaren 100garren urteurrenaren ospakizuna ostegunean, eta erremontea kiroldegian zein Bretainiako eta Euskal Herriko dantza emanaldia Atsegindegin atzo.
Eta asteburua potente dator, jardueraz beteta. Gaurkoa izango da euskal jantziak janzteko eta kalera ateratzeko eguna. Goizeko 10:00etan hasiko da gaurko festa, hainbat azokaren irekierarekin, Tilosetan: abeltzain azoka eta antzinako lanabesen erakustaldia, eta Hernaniko produktuen azoka. Erraldoien erakusketa ere izango da, Plazan.
11:00etan hasiko gara musika entzuten kaleetan zehar, trikitixaren doinuak zehazki, eta ordu berean hasiko dira antzinako jokoak Tilosetan. 11:30etan, Plazatik abiatuko dira erraldoi eta buruhaundiak. 12:00etan txakolinaren txanda, dastaketa izango baita Iturriaga kalean. 12:30etan, berriz, kantujira abiatuko da Plazatik, eta herri kirol emanaldia eskainiko dute Tilosetan. Hernaniko Musika Bandak ere kontzertua eskainiko du goiza borobiltzeko, udaletxeko arkupeetan 13:00etan.
Arratsaldean, gaztetxoek izango dituzte tailerrak, jolasak eta txokolatada, Tilosetan, 17:00etan. Hortik aurrera, musikaren doinuak izango dira protagonista arratsalde nahiz gauean: 18:00etan Biterin bertso jaialdia, 19:00etan Plaza Berrin Oinkada erromeria taldea, 19:30etan Zuttik elektrotxaranga, eta gaueko 23:00etan Iratzar taldearen erromeria Tilosetan.
Batenbat ez zen lokartuko oraindik goizeko 09:00etan, baina halere, dianak esnatuko du herria ordu horretan, biharkoan. 10:00etan, 45garren Pablo Lasa Artisau Azoka izango da Plaza Berrin, eta Tilosetan pala zein esku pelota partiduak jokatuko dira, 12:00etan hasita. 12:30etan trikitixa jaialdia izango da Plaza Berrin, goiza borobiltzeko. Eta asteburuari agur esateko, 19:00etan kontzertua Atsegindegin, Niko Etxart eta Hapa-Hapa taldearena.
HERNANIKO EUSKAL JAIAK
GAUR, larunbata
10:00, Abeltzain azoka eta antzinako lanabesen erakustaldia, Tilosetan.
10:00, Erraldoien erakusketa, Plazan.
10:00, Hernaniko produktuen azoka, Tilosetan.
11:00, Trikitixa kaleetan zehar.
11:00, Antzinako jokoak, Tilosetan.
11:30, Erraldoi eta buruhaundien topaketa, Plazan.
12:00, Txakolin dastaketa, Iturriaga kalean.
12:30, Kantu jira, Plazatik.
12:30, Herri kirolak, Tilosetan: aizkoran, Gabirondo Mitxelena II. aren aurka eta Barrenetxea Arrutiren aurka; trontzan, ingudean eta txingetan, Martiarena Lasarteren aurka; eta harrijasotzen, Haritz 'Norde'.
13:00, Hernaniko Musika Bandaren kontzertua, udaletxeko arkupeetan.
17:00, Haurrentzako tailerrak, jolasak eta txokolatada, Tilosetan.
18:00, Bertso saioa, Biterin: Aitor Etxeberriazarraga, Uxue Alberdi, Sustrai Colina eta Eli Pagola. Gai-jartzailea: Andoni Rekondo.
19:00, Oinkada erromeria taldea, Plaza Berrin.
19:30, Zuttik elektrotxaranga.
23:00, Iratzar taldearen erromeria, Tilosetan.
BIHAR, igandea
09:00, Diana.
10:00, 45garren Pablo Lasa Artisau Azoka, Plaza Berrin.
12:00, Esku pelota eta pala partiduak, Tilosetan.
12:30, Trikitixa jaialdia, Plaza Berrin.
19:00, Niko Etxart eta Hapa-Hapa taldearen kontzertua, Atsegindegin.