Ekimen berezi bat jarri du martxan Gibelaldek, Lizeagako auzo elkarteak: krotxeterapia tailerra hasiko dute urrian, eta auzotarrak ez ezik, herritar guztiak animatu dituzte izena eman eta parte hartzera. Asmoa da astero bilduko den talde bat osatzea, komunitate moduko bat, elkarrekin krotxeta egiteko, elkarri erakusteko, solasean aritzeko, terapia egiteko... «Krotxet egiten ikasi nahi duzu? Badakizu egiten eta besteei erakutsi nahi diezu? Lanen bat hasita daukazu etxean, eta bukatu egin nahi duzu? Etorri eta elkartu gurekin!»
Hasiera batean, astelehen eta asteazkenetan bilduko dira, arratsaldeko 17:00etan hasi eta 19:00ak arte, Gibelalderen lokalean (Larramendi kalea 11, behea). Baina moldagarria da ordutegia, izena ematen dutenen interesaren eta beharren arabera. Eta baita tokia ere: «Eguraldi onarekin, plazara aterako gara krotxet egitera!». Aurreratu dute, gainera, ahal dela euskeraz izango direla saioak, eta zenbaitentzat hizkuntzaren praktikarako espazio aproposa ere izango da horrela.
Doakoa da partehartzea, baina izena eman behar da horretarako, 627 532 576 telefonoan. Informazio gehiagorako ere, bide horixe erabili daiteke.