Zuk albiste hau irakurtzerako, Erniora bidean abiatuta izango dira Mendiriz Mendiko helduak eta gaztetxoak, mendi buelta ederraz ez ezik, iraileko hirugarren erromeriaz ere gozatzeko Zelatunen. Haietako batzuek, argazki kamera ere sartuko zuten motxilan. Besteak moldatuko dira mugikorrarekin, ze gaur egun... nolako irudiak horiekin ere!
Kontua da suertatuko zaiela argazki ederren bat ateratzeko aukera bidean, eta ez dutela pasatzen utzi nahiko. Izan ere, momentua da Mendizale Asteko lehiaketarako argazki bilduma osatu eta entregatzeko. Epea zabalik dago, eta urriaren 2a izango da azkeneko eguna: Mendiriz Mendiren bulegoan (Iturregi plaza), astelehen, ostegun eta ostiraletan 20:00etatik 21:00etara. Gutxienez hiru eta gehienez sei argazki aurkeztu behar ditu partehartzaile bakoitzak, kalitate haundiko tiff edo jpeg formatuan; eta gutxienez bat Hernanin ateratakoa izan behar da. CD edo USB batean entregatu behar dira argazkiak, egilearen izen-abizenak, telefonoa eta aurkeztutako argazki kopurua zehaztuz, eta adieraziz zein den Hernaniko argazkia.
Elkarteko bazkideek ez ezik, Hernanin bizi diren argazkilari ez profesional guztiek hartu dezakete parte. Ohi bezala, bost sari banatuko dituzte (80 euro eta trofeoa), kategoria bakoitzeko bana: Hernani, mendia, paisaia, herrikoiena eta bilduma onena.
Buzoien argazki ederrenari, sari berezia aurten
Seigarren sari berezi bat ere izango da aurten, ordea. Iñaxio Sanz zenaren omenez, Hernaniko eta Mendiriz Mendiko buzoien argazki lehiaketa jarri dute martxan, buzoi horiek ezagutaraztea eta, ahal duten neurrian, zaharberritzea helburu duen ekimenarekin. Horrela, deia egin diete elkarteko bazkideei, mendi horietara joan eta tontorretako buzoiei argazkiak ateratzeko. Emailez bidali behar dituzte argazkiak, urriaren 2ra arte, helbide hauetako batera: mendirizmendi@gmail.com edo info@mendirizmendi.com.
Mendiriz Mendiren 80garren urteurreneko akzesit berezi gisa sarituko dute argazki onena, Mendizale Astean bertan, argazki lehiaketako sariekin batera.
Ekimen honen baitan, Azketa mendiko buzoia zaharberrituko du Mendiriz Mendik aurten, eta bertara egingo du abenduko irteera.