Antzerkia, dantza, erakusketak, literatura, musika eta zinea izango dira protagonista Biteri kultur etxean udazken honetan ere, urritik abendura bitartean. Ekitaldi ezberdinetarako sarrerak jada salgai daude; Biterin bertan aurrez aurre eskuratu daitezke, baita online ere, kultura.hernani.eus atarian.
Antzerkia izango da denboraldiari hasiera emateko arduraduna; izan ere, Kulunka teatroak bere azken lana estreinatuko du, 'Herentzia' izenekoa, urriaren 7an euskeraz eta urriaren 9an gazteleraz. Hori gutxi balitz, haurrentzako, Muxin eta Zapotxinen 'Baserritarrak' lan berriaren estreinaldia ere izango da Biterin. Bi emanaldi eskainiko dituzte, urriaren 17an, eguerdian eta arratsaldean.
Udazkenak aurrera egin ahala, antzerkigintzak ez du galduko bere tokia Biterin. Izango dira Sutottos konpainia argentinarraren 'Feliz día' azaroaren 26an, Dejabu Konpainiaren 'Itzulera' abenduaren 10ean, eta Barrexerkaren 'Patatekin' abenduaren 29an. Haurrentzako eskaintza ere polita izango da: Benetan Be teatroaren 'Bidutzi', 3 urtetik gorakoentzat (azaroak 14); Anita Maravillas eta Portal71ren 'Treiatxu', 6 urtetik gorakoentzat (abenduak 12); eta Txirri, Mirri eta Txiribitonen 'Pailazo' izeneko emanaldia, 3 urtetik gorakoentzat (abenduak 26).
Musika estilo ezberdinak
Musikaren arloan, aipatzekoa da estilo ezberdinak izango direla. Lehenik eta behin, Ainara Ortega hernaniarrak eta Joaquin Chaconek jazz kontzertua eskainiko dute azaroaren 19an. Urteari agur esateko, abenduaren 30ean «Biteriko aretoko aulkiak jaso eta zutik entzuteko kontzertua antolatu ohi da, beste giro eta musika estiloei tokia egiteko». Aurtengoan BELE artista ariko da bertan.
Eta nola ez, bertsolaritzak ere izango du bere espazioa, kasu honetan elektronikarekin elkartuta. Horrela, '1tz4l1 3t4 p1ztu' saioa izango da abenduaren 17an. Bertsotan ariko dira Haizea Arana, Aissa Intxausti, Eli Pagola eta Maddi Ane Txoperena. Musika jarriko dute, bestalde, Libe Goenagak, Manex Pagolak eta Aner Peritzek.
Eta dantzari dagokionez, urriaren 23an Cielo Raso konpainiaren 'Euforia' emanaldiaz gozatzeko aukera izango da.
Zinema noiznahi, asteburuko proiekzioetan zein Zineklubean
Zinema eskaintza ere anitza izango da. Alde batetik, Hernani Zineklubean ikusgai izango dira 'Memories of murder', 'Paris 1900' eta 'Eddington' filmak, urriaren 10ean 18:30etan, azaroaren 12an 19:00etan, eta abenduaren 16an 18:30etan, hurrenez hurren. Hiru filmak jatorrizko hizkuntzan jarriko dira, gaztelerazko azpitituluekin. Hiru saioez gozatzeko aukera ematen duten bonoak jada salgai daude, 9 euroan. Bestela, film bakoitzaren prezioa 4 eurokoa da.
Horiez gain, Biteriko asteburuetako zinema ere itzuliko da udazkenarekin batera, eta astelehenetan, ohi bezala, izango da ikuslearen eguna.
Literaturak eta erakusketek ere izango dute espazioa
Udazkenarekin, liburutegiko irakurketa taldeak (euskerazkoa, gaztelerazkoa eta feminista) martxan jarriko dira berriro, baita haurrentzako zein 75 urtetik gorakoentzako kontaketak ere. Hernanikomik ere hartuko du udazkenak, azaroaren 20an eta 21ean.
Biteriko erakusketa aretoak, gainera, bost erakusketa hartuko ditu udazkenean zehar, hala nola Iosu Gonzalezen 'La Europa final de la modernidad' (urriak 22ra arte), Patxi Huarte 'Zaldieroa'rena Hernanikomiken baitan (azaroak 9-27), Felix Etxeberriaren 'Aspaldiko Hernani' (abenduak 1-27) eta Maddi Zumalabe hernaniarraren 'Katapulta' (abenduak 30-urtarrilak 24).