Iñurri elkarteak 'Lagunekin bai!' izeneko ziklo berria osatuko du Kulturarteko Plaza Feministan, eta gaur emango diote hasiera programazioari, arratsaldeko 18:00etan KPFn bertan. Izan ere, '(Min)Bizi. Tabuen kutxatik plazara' erakusketa inauguratuko dute, urriaren 9ra arte ikusgai izango dena.
Antolatzaileek azaldu duten bezala. argazki-erakusketa honek «minbiziaren errealitateari buruzko mapa garden eta aldarrikatzaile bat marraztea proposatzen du. Baliabide bisual eta deskriptiboen, eta argitalpen-pieza baten bidez, Iñurri elkartearen ibilbidea eta 'Hil arte bizi' leloaren esanahia azaltzen dira». Bestalde, antolatzaileen aburuz, tribuak, zaintzak, ahalduntzeak eta ikuspegi feministak minbiziaren bizipenean, laguntzan eta ulermenean duten garrantzia balioesten da.
Beñat Elizalde da erakusketaren zuzendaria, eta osatu dute Iratxe Etxeandiren eta Andoni Beristainen argazkiek, baita Nahia Intxaustik, Ane Labakak eta Jordina Arnauk sortutako eduki elebidunek ere.
Horrez gain, hilaren 30ean 'Zer esan ez badakizu, ekarri kroketak' hitzaldia izango da KPFn, arratsaldeko 18:30etan, euskeraz. Hitzaldiaren helburua kontzientziatzea da: «Minbiziaz inguratuta gauden honetan, ezinbestekoa da gizarte kontzientziatu bat eraikitzea, gaixotasun honen inguruan dagoen iruditeri kolektiboa eraldatu behar baita, tabuak hautsi eta aurreiritziak alde batera uzteko», diote elkartetik. Hizlariak izango dira elkarteko 'inurriak'.
Ohiko ordutegia, KPFn
KPFtik gogorarazi dute hilaren 20ra arte (igandea) Emakumeen Jabetze Eskolako ikasraroetan izena emateko aukera dagoela. Gainera, aste honetatik KPF ohiko ordutegian ari da lanean: astelehenetik ostiralera 09:30etatik 21:00etara eta larunbatetan 09:30etatik 14:00etara.