Bizikletentzako 'skill park' bat eraikitzen hasi da Hernaniko Udala, Sagastialdeko Gabriel Zelaia parkean, atletismo pistaren ondoan. Udaletik adierazi dute, «oztopo zirkuitu segurua» izango dela.
2.598 metro karratuko eremua hartuko du zirkuituak, eta horren barruan izango dira maila tekniko ezberdinetako erabiltzaileentzako espazioak: zirkuitu nagusia, bigarren mailako ibilbide teknikoago bat, eta maila eta erabitzaile mota desberdinetara egokitutako hainbat ibilbide alternatibo. Horrela, «aisialdi zein entrenamendurako balioko duen eremu multifuntzionala izango da», eta informazio panel nahiz seinaleak jarriko dira.
Udalak azaldu du 2024an 'pump truck' bat eraikitzeko lanketa hasi zutela, baina herriko beharrak ikusi ondoren proiektua haunditu zutela, baita aurreikusitako diru partida ere (120.000 euro inbertituko dira). Bide batez, azpiegitura berriak ez dio oinezkoen eremuari eragingo, eta lorategian dauden zuhaitzak bere horretan mantenduko dira.